MUSIKA

“Casablanca” pantailaratuko du gaur Nafarroako Filmotekak

Michael Curtiz zinegileak 1942an filmatutako Casablanca film klasikoa aurkeztuko du gaur Nafarroako Filmotekak, 20:00etatik aurrera. Emanaldia Ezinbesteko zinema zikloaren baitan egingo da.

Filmotekak estreinakoz pantailaratuko du Curtizen klasikoa. “Gezurra dirudien arren, ez genuen aurretik inoiz programatu film hau Filmotekan. Filmoteka sortu zenetik zortzi urte bete behar direnean, eta filmaren 75. urteurrena betetzen dela probestuz, gurea bezalako esparru batean proiektatu beharreko filma aurkezten dugu”, iragarri du Nafarroako Filmotekak.

1943ko Oscar sarietarako zortzi izendapen jaso zituen Casablanca-k, eta guztira hiru sari eskuratu: Film Onena, Zuzendari Onena eta Gidoi Egokitua. Film mitikoa da Casablanca, bai eta genero erromantikoaren ikur handienetakoa ere. Antzezlanak, gainera, bikainak dira, Humphrey Bogart,  Ingrid Bergman eta Peter Lorre aktoreek parte hartzen dute, besteak beste. Horretaz gainera, gidoia itzela da, eta guztion burmuinetan iltzatutako esaldiak bildu ez ezik, sekulako elkarrizketak ere jasotzen ditu; esaterako: -Lorre: “mespretxatzen nauzu, ezta?”  -Bogart: “zugan pentsatuko banu… seguru asko”.

Filmak hauxe kontatzen du: “1940ko hamarkada. Bigarren Mundu Guda dela eta, Casablanca nazismotik ihes egiten duten pertsonen hiria da. Iristea erraza zen, baina ateratzea ia ezinezkoa, batez ere Gestaporen zerrendetan agertzen den gizona baldin bazara. Kasu honetan, Alemaniako Polizia Sekretuaren helburua Victor Laszlo da, txekiar liderra eta erresistentziako heroia. Gizon horren azken itxaropena Rick Blaine da, Rick’s Café tabernako jabea eta Ilsa Lund bere emaztearen maitale ohia. ick-ek eta Ilsa-k Parisen ezagutu zuten elkar, baina tropa alemaniarrak han sartzean banandu behar izan ziren”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button