IKUS-ENTZUN

Cancer Moon rock taldea, sugeak harrapatuta

Joseba Zamarripa bilbotarrak eta Josetxo Anitua eibartarrak Bilbon abiatuta undergroundeko rock proiektua izan zen Cancer Moon, zeina kultuzko talde bihurtu den egun. Bada, Zinebik jaialdiak talde horren inguruko Atrapados por la serpiente izenburuko dokumentala aurkeztu du gaur goizean Bertoko Begiradak-Miradas desde Euskadi sekzioaren baita. Filmak Zinebiren laguntza ere jaso du.

Alvaro Fierrok eta Ibon Ibarluceak zuzendu dute filma, eta bihar egingo da estreinaldia BBK Aretoan, 19:30etik aurrera. Emanaldiaren ostean, Sonic Trash taldeak Cancer Moonen kantuak joko ditu beste musikari batzuen laguntzaz, tartean, Capsula, Belako eta MCD bandetako kideak.

Gaur goizeko aurkezpenean, Alvaro Fierro zuzendariak, Diego Urruchi ekoizleak eta Alfonso Arana Cancer Moonen aritutako taldekide ohiak parte hartu dute. “Talde sailkaezina zen Cancer Moon”, esan du Aranak. “Taldearen soinua entzun eta ez zenuke esango Bilbokoak zirenik; Detroit edo New Yorkekoak ematen zuten…”. Cancer Moon nortasun handiko bi musikariren proiektua izan zen, Jon Zamarripa gitarra-jotzailea eta Josetxo Anitua abeslaria. Rock klasikoetatik tiraka, Bowie, Reed edo Iggy Pop, sasoiko musika garaikidea gainditzen zuen jario elektrikoa sortzen zuten. Hala, 1980ko hamarkadan loratu zen Euskal Rock Erradikaletik oso urrun zeunden, baina era berean, 1990eko hamarkada hasieran eztanda egingo zuen estatuko rock independentean ez zuten tokirik izan. Horren guztiaren ondorioz, undergroundean mugitu ziren, sugeak zingiretan nola, -Cancer Moonen lehenengo diskotik hartzen du izenburua dokumentalak, Hunted by snake-.

Dokumentalean artxiboko makina bat irudi agertzen dira, hainbat telebista katetakoak, zuzenean edo play-backean grabatuak. Irudiok taldetik gertu egon ziren pertsonen testigantzekin tartekatzen dira: senideak, taldekide ohiak, lagunak, kazetariak… Azpimarratzekoa da oso, Xabier Arakistain arte-komisarioak eta Anituaren lagun minak egiten duen ekarpen hunkigarria. Anituak filmaren ardatz nagusi bihurtzen da minutuek aurrera egin ahala, izan ere, Zamarripak baino ibilbide luzeagoa egin zuen, eta bere itzala oso luzea da, batez ere agertokian izaten zuen metamorfosiagatik, tipo oso lotsatia baitzen. “Eszenatokian exorzismo prozesuak bizitzen zituen”, esaten du Mattin soinu-artistak filmean.

Zamarriparen harira, berriz, hauxe azaldu du Alvaro Fierrok: “Gaixotasun larri bat du. Asko lagundu digu dokumentalean, baina ez du atera nahi izan, eta guk hori errespetatu dugu. Elkarrizketek, gainera, Josetxorengana eramaten gintuzten”. Dokumentalean “gai sentikor” asko tratatzen dira, eta modu “abegikor eta eztitsuan” jorratu nahi izan dituzte. Dokumentala lan “luzea, gogorra eta surrealista” izan da, eta oraindik “ertz asko ditu biribiltzeko”.

Bere inguruko mugak gainditu zituen undergroundeko talde baten historia jasotzen du dokumentalak. “Undergroundeko edo tokiko talde batean oinarritutako historia unibertsal bat kontatu nahi genuen, edonork ulertzeko modukoa”, azaldu du Fierrok. Halere, Cancer Moonen ezaugarriak talde gutxik erakutsi dituzte, bi pertsonen arteko sinbiosi musikal perfektua izan baitzen, bere txikitasunean.

Alfonso Aranaren berbak oso ondo definitu dute egitasmoa: “Argi zuten zer egin musikalki, eta bazekiten nora jo, hain influentziei uko egin gabe, eragin horiek taldea sekula jan ez zuten arren”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button