MUSIKA

En Tol Sarmiento taldeak lan berria argitaratu du

Arabako Errioxako El Tol Sarmiento (ETS) taldeak Gure zure mundua (Baga Biga) izenburuko hirugarren lan aurkeztu du gaur. Boskoteak ohiko estiloari eutsi dio lan berri honetan ere, alegia, dantzarako ska-rock alai, bezain konprometitua.

Ritxi Aizpuru Baga Biga diskoetxearen koordinatzailearen esanetan, baina, betiko ska bizi horri zenbait zertzelada berri batzuk gehitu behar zaizkio: “Baladaren bat, reggae ukituak eta Gerra Zibileko Partisanoen puntu bat”. Horrekin batera, euskararen presentzia azpimarratu behar da: 12 kantutik zazpi euskaraz grabatu dituzte, inoiz baino gehiago.

Horretaz gainera, taldekideek lan berria soinua nabarmendu dute: “Kalitate-jauzi bat eman nahi izan dugu, eta horretarako,  Haritz Harreguy teknikariarengana jo dugu; halere, ez dago konponketarik, taldea zuzen eta potentziarekin entzuten da, kontzertuetako formula bera da”, azaldu du Iñigo Etxezarreta  abeslari eta gitarra jotzailea. Soinuarekin jarraituz, Etxezarretak melodien garrantzia nabarmendu du: “Melodiak ondo zehaztuta daude, itsaskorrak dira, garbiak, berez ateratzen zaizkigu, eta horrela jaso ditugu diskoan”.

Hala, ETSren diskoa taldearen jarraipena da, zuzenekoetan entzun eta ikusten denaren luzapena. “CDan dagoena ahalik eta ondoen islatu nahi dugu zuzenean, kantu zuzenak dira, konplikazio handirik gabekoak, disfrutatzeko doinuak dira”.

Hitzei dagokienez, jendearen konpromisoa eta taldearena bilatu nahi dute kantuen bidez. “Norberaren mundua aldatuz, globalean zerbait lor daiteke, norberaren konpromisoa bilatzen dugu, eta hari berdinetik tiraka, autokritika ere egin dugu talde gisa”. Taldearen konpromiso hori, esaterako, argia da euskararekiko, taldekide asko kanpokoak izan edo  euskaraz ikasten egon arren. “Arabako Errioxan euskara zabaldu nahi dugu; beraz,  bertako elkarteekin eta ikastolekin elkarlanean aritu gara”.

Kontzertuen harira, Bizkaian jotzen dute gehien, eta Gipuzkoan, berriz, gutxien. Halere, martxoaren 22an, Donostiako Doka antzokian izango dira. Apirilean, halaber, beste hiru kontzertu egingo dituzte: 5ean, Izarran; 12an, Zornotzan, eta 25ean, Gasteizen. Azkenik, maiatzean, bi hitzordu zehaztu dituzte: 3an, Bakedanon eta 23an, Abanto Zierbenan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button