MUSIKA

Brutal metal fest!

Numen, Elbereth, Dominium, Invadeath eta Hilotz taldeak Donostiako Guardetxean arituko dira bihar Euskal Metal Fest ekimenaren baitan. Emanaldia 19:30ean hasiko da Brutal Fest izenburupean.

Jaialdian parte hartuko duten taldeei dagokienez, Hilotz Gipuzkoako thrash metal banda gaztea da eta Hila ala bizi izeneko maketa aurkeztuko du. Invadeath, berriz, Palentziako death metal taldea da eta Apophis izenburuko diskoan bildutako kantuak birrinduko dituzte.

Elbereth gipuzkoarrak, bestalde, talde aski ezaguna da euskal zaleen artean. Kontzertua Itzalitako izarren lurraldea izeneko hirugarren lanaren inguruan ardaztuko dute. Dominium ere gipuzkoarrak dira, thrash eta death estiloak txikitzen dituzte, eta Yersinia Pestis azken grabazioaren aurkezpen biraren azken emanaldia izango da, gero, urtebeteko atsedenaldia hartuko dute.

Azkenik, Numen, hau da, “Euskal Herriko metal banda muturrekoena”. Haien jarioan black eta death metal estiloko erritmoak Euskal Herriko folk tradizioko elementuekin uztartzen dira. Orain arte bost kantuko CD bakarra argitaratu dute, baina kritika ikaragarri onak jaso dituzte Europan, Ameriketan eta Japonian. Aspaldi da Donostian jo ez dutela, beraz, metal jarraitzaileak Numen ikusteko irrikan izango dira.

Festa brutala izango da!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button