ARTEA

“Bosteko” erakusketa ibiltaria Basauriko Arizko Dorretxera joango da urrian

Bosteko 2019 egitasmoaren baitan, Gentz del Valle, Mertxe Periz eta Sonia Rueda artistek sortutako obra ibiltaria Basauriko Arizko Dorretxera joango da datorren urriaren 1ean eta bertan egongo da ikusgai urriaren 19ra arte. Ibon Garagarza Berger komisarioaren zuzendaritzapean antolatutako Marrazkitik haratago: Figura eta paisaia erakusketak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza du.

Erakusketa ibiltariak, Bizkaiko bost udalerri bisitatuko ditu aurten, eta irailean zehar Leioako Kultur aretoan ikusgai egon ondoren, Basauri bisitatuko du urrian. Amorebieta-Etxano, Arrigorriaga eta Getxon izango dira erakusketa ibiltari horrek bisitatuko dituen Bizkaiko hurrengo herriak.

Hiru artistek planteatu dituzten obren eta instalazioen ezaugarri nagusia aldaketa da, aurkeztuko diren tokiaren arabera era batera edo bestera aldatu eta egokituko direlako. Hala, erakusketaren esparruak oso desberdinak dira euren artean, eta horren ondorioz, bisitarien esperientziak ere desberdinak izango dira.
Berariazko garrantzia dauka marrazkiak eta, aldi berean, argazkilaritza, eskultura edo pintura ere  uztartzen dira erakusketan. Halaber, proposamenean funtsezkoa da instalazioa, eta “giro desberdinen sorkuntza”, Garagarza  arduradunaren ustez. “Hiru artistek bi dimentsioak gainditzen dituen marrazkiaren kontzeptu zabaldua garatzen dute eta mundua ulertzeko era desberdinetara hurbiltzen gaituzte. Era horietan guztietan protagonista gizakiaren figura izango da, guztion interesa sortzen duten kontakizunak eraikiz”.
Gizakiaren figura, gorputza eta ingurua eta paisaiarekin duen erlazioa dira, hartara, hiru artisten lanean gai nagusiak, eta  marrazkiaren kontzeptu zabaldu batekin batera.

Gentz del Valle, bizkaitar artista garaikideak, bere obran espazioaren tratamenduari garrantzi handia ematen dio, eta erakusketetan bere irudiek ingurumen-harremanetan oinarritutako narratibak sortzen dituzte. Mertxe Periz  aldiz, artista bisuala da, eta bere sorkuntza lana  hezkuntza eta  gizarte-transformazioen arteko erlazioak ikertzen dituen praktika artistiko-hezkuntzazkoari lotuta dago. Eta Sonia Rueda barakaldar artistaren lanak norbere buruaren aintzatespenaren zati bat  dakar, “zentzumenen bidez munduari proiektatzen zaiona, partikularretik orokorrera”.

Erakusketa urriaren 19ra bitartean, hortaz, Basauriko Arizko Dorretxean ikusgai. Informazio guztia duzue hementxe.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button