Nontzeberri

“Bosteko 2019” erakusketa ibiltaria, Amorebieta-Etxanora heldu da

Bosteko 2019 talde erakusketa ibiltariak Amorebieta-Etxanoko Zelaieta zentroan egingo du geldialdia. Gentz del Valle, Mertxe Periz eta Sonia Ruedaren artelanak biltzen dituen Marrazkitik harago. Figura eta paisaia izeneko mostra azaroaren 8ra arte izango da ikusgai.

Giza figura, gorputza eta ingurunearekin naiz paisaiarekin duen erlazioa gai garrantzitsuak izan dira hiru artisten lanean, eta proposamenaren ildo nagusiak dira, marrazkigintzaren kontzeptu hedatuarekin batera. Marrazkitik harago. Figura eta Paisaia gauzak aditzera emateko dugun biderik zuzenenari eta intuitiboenari eskainita dago. Bide hori marrazkigintza da. Erakusketan marrazkiak berebiziko garrantzia du, formatu ertaineko lanak nabarmentzen dira eta bestelako bide batik jorratzen dira, hala nola, argazkigintza, eskultura edo margolaritzatik.

Gentz del Valle bizkaitar artista garaikideak, bere obran espazioaren tratamenduari garrantzi handia ematen dio, eta erakusketetan bere irudiek ingurumen-harremanetan oinarritutako narratibak sortzen dituzte femeninoa eta maskulinoari, naturari edo mitoei buruz. 2019ko Jardín celeste serieko hiru marrazki erakusten ditu.
Mertxe Periz  aldiz, artista bisuala da, eta bere sorkuntza lana  hezkuntza eta  gizarte-transformazioen arteko erlazioak ikertzen dituen praktika artistiko-hezkuntzazkoari lotuta dago. Tránsitos proiektuaren parte bat aurkezten du; gizakiak egoera ezberdinetan erakusten dituzten irudien eskultura txikiak jartzen ditu ikusgai, eskultura horiei ateratako argazkiekin eta 2019ko Retal de huellas seriearekin batera.
Eta Sonia Rueda barakaldar artistaren lanak norbere buruaren aintzatespenaren zati bat  dakar, “zentzumenen bidez munduari proiektatzen zaiona, partikularretik orokorrera”.  Bi pieza, argazki bat eta 90eko hamarkadako lan eskultoriko bat, eta azken 15 urteetan frontoietan ateratako 21 argazkik osatutako horma-irudi bat aurkezteaz gain, hark ikusgai jartzen du 2019an paper gainean ikatz-ziriz egindako eskuen serie bat.

Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako erakusketak Leioako Kultur Leioan eman zituen lehen urratsak irailaren 6an. Ondoren, Basauriko Arizko Dorretxea aretora egin zuen salto (urriak 1-19). Orain, Amorebieta-Etxanon dago azaroaren 8ra arte. Ondoren, Arrigorriagan (Euskaldun berria erakusketa gela, azaroak 11-29) egongo da, Getxon (Torrene Erakustaretoa, abenduak 4-29) bukatzeko.

Exit mobile version