ARTEA

“Bosteko 2014” gaurtik aurrera Leioan

 

Bosteko erakusketa ibiltaria gaur goizean aurkeztu da Bilboko Rekalde aretoan Kultura Foru Diputatua den Miren Josune Ariztondoren eskutik. Lehen bost ziren parte hartzen zuten artistak; gaurkoak hiru dira: Iranzu Antona, Alberto Albor eta Kepa Garraza.

Berez, Bosteko erakusketa, artearekiko duten inplikazioagatik, Aldundiak eta Bizkaiko bost udalerrik (tartean Arrigorriaga, Basauri, Getxo, Zornotza eta Leioa) koordinatutako erakusketa da, eta ekimenaren helburua euskal artista plastikoen obra erakustea da. Hortaz, Leioaan irailaren 9tik 28ra egongo da ikusgai, gero Zornotzara doa, urriaren 20tik azaroaren 7ra; eta ondoren, Arrigorriaga  bisitatuko du, azaroaren 11tik abenduaren 4ra, Getxon amaitzeko, abenduaren 9tik 28ra bitartean.

Bosteko aspalditik hartu du izaera ibiltaria, eta  1998. urteaz geroztik, hamazazpigarren urtez arte garaikideena eta gazteena ezagutzera emateko asmoz Bizkaiko hainbat udalerritara hurbiltzen da.

Diogun bezala, aurtengo Bostekoren edizioan parte hartuko duten artistak Alberto Albor, Iranzu Antona eta Kepa Garraza izango dira. Mutilak, Alberto Albor eta Kepa Garraza, margolariak dira biak, eta irudi figuratiboak sortzen dituzte euren lanetan. Eta beste aldetik, Iranzu Antona nafarra paisaiaren irudiak, eta hauen gaineko akzioak sortzen ditu.
Bere lanek Creación, recreación y copia izeneko erakusketa kolektiboa osatuko dute.

Erakusketarekin batera, obren kolorezko argazkiak eta artisten biografia biltzen dituen katalogo bat argitaratu dute. 

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button