IKUS-ENTZUN

Bost kontinenteetako film laburren zuzendari gazteen sormen-lanak, Zinebin

Gaur goizean, Nekane Alonso Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak, Ernesto del Río Zinebiko zuzendariak eta Luis Eguiraun Zinebiko programatzaileak azaroaren 10etik 17ra luzatuko den Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 59. edizioaren egitaraua aurkeztu dute.

Inoiz baino sendoago dator Zinebi. Atal dezente antolatu dira zinearekin gozatzeko ehunka aukerekin. Aurten 3.000 film baino gehiago aurkeztu dira, eta horietarik guztietarik 62 film (22 fikzio, 21 dokumental,  eta 17 animazio) aukeratu dira Sekzio Ofizialean parte hartzeko. Horiek guztiak Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko lehiatuko dira. Sail horretan aukeratu diren lanen artean estatuko 16 daude, eta horietako 6 euskal zinegileek egindakoak dira, jaialdiaren inaugurazio ekitaldian eskainiko direnak.

Jaialdiak azaroaren 10ean, 20:00etan, zabalduko ditu bere ateak Arriaga Antzokian, Alberto Iglesias konposatzaile donostiarrari Ohorezko Mikeldia emanez. Edizio honetako Ohorezko bigarren Mikeldia Marco Bellocchio zinegile italiarrari emango zaio, Europako zine garaikidearen zuzendari handienetako baten filmografia luzea aintzat hartzeko.

Atal asko osatu dira programazioaren barruan: lehiaketatik kanpo Beautiful Docs. Mundu osoko dokumental luzeen panorama dago, dokumental egile handien azken ekoizpen lanak pantailaratuko dituena; Bertoko begiradak. Miradas desde Euskadi sekzioan sei dokumental eta fikzio bi ikusi ahalko dira, tartean, Cancer Moon Bilboko rock taldeari eskainitako Atrapados por la serpiente proiektua; Infoeuskadi sailean, euskal musika hoberenaren saria, euskal gidoi hoberenaren saria eta euskal zuzendaritza hoberenaren saria banatuko dira; Zinebi First Film (ZIFF) sekzioaren barruan, zinegile berrien bederatzi opera prima lehiatuko dira.

Sail horiekin batera hainbat emanaldi berezi ondu dira egun horietarako, tartean, Bilbao Sinfonía, Aranzazu Callejak eta Alvaro Segoviak zuzenean interpretatuko duten musika duen ikus-entzunezko poema.  Sekzio horren barruan ere Puerto Bilbao, Metodoaren eta Zoriaren artean edota Los Goliardos izeneko proposamenak kokatu beharko ditugu.

Beste aldetik, Bilboko eta Euskadiko ikus-entzunezko industriaren garapenari laguntzeko xedez, bi topaketa antolatu dira, zinegile berrien, enpresen, profesionalen eta ikus-entzunezko sektorea osatzen duten adituen arteko harremana bultzatzeko:  Zinebindustry  eta Zinema-Networking.

Baina aipatutako programazio hori hasi baino lehen, azaroaren 3tik 10era bitartean, Pre-Zinebiren egitarauak ase beteko du zine zalearen gosea. Bertan, Zinebi-Express lehiaketa, Fas Zineklubaren emanaldi berezia, Euskal Herriko Gidoilarien Elkartearen hitzordua, eta Bilboko eta inguruko zine eskolek egindako lanen emanaldiak bilduko dira.

Xehetasun guztiak, eta ordutegiak, prezioak, emanaldiak eta abar: Zinebi.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button