BESTELAKOAK

Bost egitasmo artistiko-kultural aurkeztu ditu Euskaltzaindiak bere mendeurrena ospatzeko

Bost egitasmo artistiko-kultural antolatu, sustatu edo babestuko ditu ondorengo hilabeteetan Euskaltzaindiak bere mendeurrenaren harira. Euskal kulturarekin lotuta denak, hainbat talde edo konpainiarekin elkarlanean, urrian hasita mendeurrenak irauten duen bitartean plazaratuko diren proposamenak izango dira.

Horrela eman dute jakitera gaur euskararen akademiako Bilboko egoitzan egindako agerraldian. Andres Urrutia euskaltzain buruak azaldu duenez, “hizkuntza bizia baldin bada, jardunaldi akademikoez landa, bestelako jardueretan ere egunero erabili behar den elementua da”. Ildo honetatik, “ekitaldi biziak dira, hizkuntzaren bizitasuna eta hizkuntza bera bizirik iraunarazten dituzten jarduera artistiko-kulturalak”.

Datorren astean abiatuko dira Mendeurreneko ekintza artistiko-kulturalak, antzerkia, zuzeneko musika, dantza eta kantua jasoko dituzten proposamenak: Ghero antzezlana (Tartean Teatroa antzerki taldearekin); Biz Hitza ikuskizuna (Aukeran dantza konpainiarekin); Mende berria kantuz ikuskizuna (Bilboko Koral Elkartearekin -Euskeria abesbatza-); Astelehen–Astearte Buruzuriak kontzertu zikloak eta Euskal literatura zaharrari buruzko hitzaldia Martuteneko kartzelan ikuskizuna (Bernardo Atxaga – Jose Cruz Gurrutxaga).

Hala, urriaren 4an, ostegunean, irakurraldi dramatizatua egingo dute Atxagak eta Gurrutxagak Arantzazun, Euskal literatura zaharrari buruzko hitzaldia Martuteneko kartzelan goiburupean. Duela zenbait urte, Bernardo Atxaga idazle eta euskaltzainak kartzela berean emandako hitzaldi batetik abiatzen den testua, orduan izandako bizipenak kontuan hartuz. Testuaren irakurketa, joko eszenikoaz jantziko dute idazle eta aktoreek.

Urriaren 5ean, ostiralez, Mende berria kantuz kontzertua eskainiko du Euskeria Abesbatzak, Donostiako Orfeoi Gazteak eta Lauko Quartet-ek lagunduta. Emanaldi berezia izango da, non euskal abeslari eta taldeen bertsio koralak abestuko diren; besteak beste, Gaztelugatxe, Aitormena, Azken dantza, Sarri sarri, Ilargia, Euritan dantzan… lau musikariz osatutako taldea ere arituko da oholtza gainean.

Antzerkiari dagokionez, Patxo Telleriak idatzitako gidoian oinarrituta,  Tartean Teatroaren Ghero antzerki obra berria aurkeztuko da azaroaren 20an Arriaga Antzokian. Mikel Martinez, Patxo Telleria, Olatz Ganboa, Mikel Losada eta Ane Pikaza arituko dira oholtza gainean, Jokin Oregi zuzendariaren eskutik eta Iñaki Salvadorrek propio sortutako musikaren doinuak ere izango dira gozagai. Bere protagonista nagusia euskara.
Antzezlan honetan hizkuntza txiki honen iraupenaren misterioarekiko harridura eta miresmena erakusten da. 
Euskerari ez ezik, hizkuntza guztiei egin nahi die gorazarre antzezlan honek, hizkuntzen aniztasunari, gizateriaren ondare 
kultural ukiezinari; denborarekin urrituz doana.

Mendeurreneko egitarau oparo honen barruan, ez da faltako dantza ikuskizunik ere. Hala, Xabi Payak idatzitako gidoian oinarrituta, Biz Hitza ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dugu Aukeran Konpainiaren eskutik datorren urteko martxoaren 16an Bilboko Arriaga Antzokian. Ikuskizunak, hizkuntza ororen historia unibertsala du abiapuntu, baina euskara batuaren istorio partikularra kontatu nahi du, dantzaren bidez. Aitor Etxebarriaren musikaren doinuan eta Edu Muruamendiaraz koreografoak zuzenduta, Aukeran DK konpainiako artista dantzariak igoko dira oholtzara.

Kontzertuak

Eta musikaz gozatzeko parada ere emango du mendeurreneko proposamenak. Hala, Bilboko Udalaren eta Donostiako Udalaren laguntzarekin, hamar kontzertu akustiko antolatuko ditu Euskaltzaindiak. Horietako sei Bilbon eginen dira –bost Euskaltzaindiaren egoitzan eta bat BIRA espazioan-. Beste laurak Donostiako ordezkaritzan eskainiko dira. Bilboko kontzertu guztiak streaming bidez eskainiko dira, Euskaltzaindiaren Youtubeko atarian. Eta Bilbokoez gain, Pauline eta Juliettek Donostian emango dutena ere eskainiko da.

Bilboko kontzertuei dagokionez, Amorante (urriak 15); MICE (urriak 22); Petti (urriak 29); Zuriñe eta Fran –Hesian- (azaroak 5); Mikel Urdangarin (azaroak 12); Nizuri Tazuneri (azaroak 19, BIRA espazioan). Kontzertu guztiak astelehenetan egingo dira, 19:30etik aurrera.

Donostiakoak aldiz, astearteetan eta ordu berean izango dira, eta taldeak honakoak dira: Amorante (urriak 16); MICE (urriak 23); Pauline eta Juliett (urriak 30); Zuriñe eta Fran –Hesian- (azaroak 6).

“Hizkuntzak ez dira bakarrik hitzak, arauak, gramatika…. Hizkuntza kultura jakin baten hari eroalea ere bada, bide erakusle, eta euskara askozaz ahulagoa litzateke euskarari bizitza ematen dioten askotariko kultura-jardueren laguntzarik gabe. Guk euskal kultura zabala eta modernoa nahi dugu, eta horren apustua egin dugu mendeurrenean, punta-puntako eragileekin elkartu garela horretarako: esan Aukeran, Tartean, Bilboko Korala, Atxaga bera… eta gure musikari fin eta ausartak, euskaraz kantatzen tematzen direnak. Horiekin guztiekin bat egiten dugu gure bi helburu nagusietan: euskara hauspotzea eta euskal kultura moderno eta kalitatezkoaren alde egitea euskararen herrialde osoan”, azpimarratu du Andres Urrutia euskaltzainburuak gaur egindako agerraldian.

http://www.euskaltzaindia.eus/index.php?option=com_content&Itemid=619&catid=121&id=5459&lang=eu&view=article

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button