ESZENA

Bihar abiatuko dira Eibarko Antzerki Jardunaldiak

Otsailaren 22tik apirilaren 1era bitartean, Eibarko Antzerki Jardunaldien 45. edizioa egingo da. Ohi bezala, antzerki diziplinaren estilo ezberdinak ikusi ahal izango dira herri horretan.

Eibarrera joango diren lanen artean, Max Aub eta Fernando Fernan Gomez bezalako egileen testuetan oinarritutako antzezlanak ikusi ahal izango dira, eta horiekin batera testu sortu berriak, Sandra Ferrús, Eva Guerrero, Josi Alvarado, David Caiña, Jokin Oregi egileenak; Adriana Bilbao edo Eva Guerreroren proposamen koreografikoak… Genero desberdinak ikusi ahal izango dira: komedia, drama, tragikomedia, kaleko antzerkia eta dantza.

Aurtengo proposamenen gai nagusiak sare sozialak, teknologia, krisi ekonomikoa, klasikoak, antzerkiarekiko dedikazioa eta abar izango dira. Horretaz gain, emakume komikoen lanaz mintzatzeko jardunaldi bat ere programatu da.

Lehen egunean, hilak 22, jardunaldien aurkezpenean, eta El veneno del teatro izenburupean, Ramon Bareak eta Mikel Losadak urte askoan beren artean izan dituzten harremanei buruz egingo dute berba, irakasle eta ikasle, maisu eta ikaslari, zuzendari eta aktore antzez-ofizioan. Eta hurrengo egunean lan handi bat, Ramon Bareak zuzenduriko El viaje a ninguna parte. Patxo Telleria, Mikel Losada, Ramon Barea, Itziar Lazkano, Irene Bau, Aiora Sedano, Diego Perez eta Adrian Garcia de los Ojos dira antzezleak.
El viaje a ninguna parte obrak “komikoen lanbidea konpainia ibiltari batean aurrera eramateko modu jakin batez hitz egiten du. Azken finean, ogibideaz mintzo da, benetan bokaziozkoa denaz. Bizitzaren eta erresistentziaren mikromundu txikia den horretaz. Mendeetako tradizioa duen eta etengabe birsortzen den lanbideari egindako omenaldia da. Hil eta birsortu egiten da. Zinema, soinudun zinema, irratia, telebista, Internet… etorri diren arren. El viaje a ninguna parte antzerkiaren arte honen etengabeko metafora bilakatu da, funtzio bakar eta errepikaezin bakoitzean birsortzen den antzerkiarena.”

Datozen egunetako programazioaren nondik norakoak hemen kontsultatu ahal dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button