MUSIKA

Blues doinuak entzungo dira Bilbon eta Zarautzen

Asteburu honetan bi blues estiloko bi kontzertu interesgarri izango dira Bilboko Azkena aretoan (larunbata, apirilak 27), eta Zarauzko Putzuzulo gaztetxean (igandea, apirilak 28). Bilbon, Andaluziako Guadalupe Plata hirukoteak joko du; Zarautzen, berriz, Tim Holeouse ingelesak. Zarautzen, gainera, Gipsy Rufina italiar bakarlariak eta Mor More bikoteak ere joko dute.

Guadalupe Plata Andaluziako Ubeda hiritik datorren blues hirukotea da. Orain arte binilozko hamar hazbeteko bat eta bi LP bat plazaratu ditu. Taldeak gaitasun ikaragarria dauka musika afro-amerikarra, -kasu honetan bluesa-, andaluziar kutsuko hitz minimalekin uztartzeko. Hiru taldekideak, gainera, musikari trebeak dira, batez ere, abeslari eta gitarra jotzailea. Azken boladan, indie rock estiloko jaialdia handietan ere hasi dira jotzen, hirukotearen proposamena jaso duen arrakastaren seinale. Kontzertua, 21:30ean hasiko da.

Putzuzulo blues

Zarauzko Putzuzulo gaztetxean, halaber, Tim Holeouse blues artista ingelesa izango da. Gaztetxeko kideek iragarri dutenez, ahots lodi eta ilunaz janzten ditu bere blues zaharrak. Oraingoan, Fight izeneko lana aurkeztuko du. Bigarrenez da gurean.

Gipsy Rufina italiarra ere hirugarrenez dator Euskal Herrira. Kantu egile trebea da, eta bere musikan AEBetako sustraidun musikaren zantzuak antzematen dira. Country, rock eta folk estiloak uztartzen ditu songwriter-ak.

Mor More bi neska gazte zarauztarrek osatu duten egitasmo akustikoa da. “igande arratsaldetan ondo pasatzeko helburuarekin gelditzen hasi ziren bi neska gazte gara, denborarekin kanta batzuk ateratzen joan zirenak… Ilusio eta gogoz, bi gitarrekin 2010eko udaran eman genuen lehenengo kontzertua Zarauzko Putzuzulo Gaztetxean, eta urtebetera hirugarren lagun bat gehitu zitzaigun bere kaxarekin kantei erritmo pixka bat emateko”.

Putzuzuloko emanaldiak 18:00etan hasiko dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button