BESTELAKOAK

“Genero ikuspegia zeluloideetan” eta Anariren kontzertua

Ostegun honetan, Bilboko San Inazio auzunean kokaturik dagoen Euskararen Etxean antolatzen diren jardueren barruan, hitzordu bikoitza programatu du Azkue Fundazioak Nontzeberriren laguntzarekin, 19:00etan hasita. Alde batetik Genero ikuspegia zeluloideetan izeneko mahai-ingurua egingo dute Irati Jimenez idazleak eta Ainhoa Sarasola Berriako kazetariak, eta bestetik, Anari kantariak kontzertu intimoa eskainiko du; ahotsa eta gitarra.

Irati Jimenez, Josebe Iturrioz, Katixa Agirre, Itziar Ziga eta Iratxe Fresnedak Vírgenes catódicas. Putas recalcitrantes lana argitaratu  dute urte honen hasieran. Bertan telesailetan eman ohi den emakumearen irudiaz eta genero harremanez hausnartu nahi izan dute.

Gizarte fenomeno bihurtu dira azken hamarkadotan telesailak, David Lynch zinema zuzendariak Twin Peaks harekin erakutsi zuenetik ordura arte gutxietsitako generoa artelan kategoriara hel zitekeela.
Analisi feminista horren bidez, heteropatriarkatuak telebistan hartutako modu narratibo eta irudizko askotarikoak agerian utzi dituzte, zeren gure egunerokoaren parte izan direnez, entretenitzeko aitzakian, modu akritikoan txertatu baitira gure imajinario kolektiboan. Orduan, zer-nolako balioak transmititzen ari dira telesailak, batez ere generoari dagokionez? Galdera horri erantzuteko, bost idazle, pentsalari eta irakaslek hausnarketak bildu dituzte Vírgenes catódicas / Putas recalcitrantes liburuan (Txalaparta).

Iratik bere iritzia eta oso datu harrigarriak kontatuko dizkigu.

Bigarrenak, Ainhoa Sarasolak zeluloideetara jo du emakume zuzendariak ikustatzeko. Aretoetan gehien ikusitako ehun filmetatik zazpi baino ez dira izaten andrazkoek zuzendutakoak. Industriaren botereguneak gizonen esku daude oraindik ere, eta desoreka gainditzeko neurriak eskatzen dituzte emakume sortzaileek.

Hortaz, biak arituko dira proposaturiko gaiaren bueltan ekimenaren lehen zatian. 

Bigarrenena, Anarik kontzertua eskainiko du. Anarik Zure Aurrekari Penalak izenburuko disko berria argitaratu du maiatzean. Gurekin izango da kontzertu intimo bat emateko, bere ahotsa eta bere gitarrarekin.

Diogun bezala, hitzordua irailaren 24an izango, Bilboko Euskararen Etxean, 19:00etan hasita.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button