Nontzeberri

Blas de Otero, Miguel de Unamuno eta Gabriel Aresti Literatura sariak banatu dira

Gaur berton, Blas de Otero-Bilbo Hiria XII. Poesia Lehiaketaren, Miguel de Unamuno XX. Saiakera Lehiaketaren eta Gabriel Aresti XXXVI. Ipuin Lehiaketaren sari-banaketa egin da Bilboko Udaletxean. Ekitaldian saridunak eta epaimahaietako ordezkariak izan dira.

Blas de Oterori eskainitako poesia-lehiaketan, 528 lan aurkeztu dira, horietatik 15 euskaraz. Azken horien artean, Eva Perez-Pons Andrade Lemoako 23 urteko idazleak jaso du sari nagusia Zaharkitzapen programatua lanarekin. Epaimahaiak bere forma eta hizkera berriak baloratu ditu, “gure garaiko bizimoduari buruz gogoeta eginarazten diguten poema deserosoak eskaintzen baititu.” Bertan, irakurleak mendekotasunak eragindako indarkeria pasiboa, erromantizismoa edo diruzalekeria bezalako gaiak topatuko ditu.
Gaztelerazko modalitatean, Amparo Lopez Pascual Guadalajarako idazlea izan da irabazle Ahora soy un pájaro poema-liburuarekin.

Miguel de Unamuno saiakera-lehiaketaren XX. edizioan, euskarazko kategorian, Xipri Arbelbide Mendiburu izan da garaile Oilarra Kukuruka lanarekin. Baionako Elizbarrutiaren historiaren errepasoa egiten du egileak 60ko hamarkadatik gaur egunera arte. Raul Rodriguez Ferrandiz egileak gaztelaniazko saiakeraren kategorian irabazi du, Magias de la ficción izeneko lanarekin. Miguel de Unamuno Saiaketa Lehiaketaren edizio honetan 109 lan aurkeztu dira gaztelaniaz eta 10 euskaraz.

Azkenik, Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren XXXVI. edizioak Iñaki Irasizabal egilea saritu du Epailearen aginduz lanagatik. Epaimahaiaren iritziz, txalogarria da ipuinaren biribiltasuna. Gaztelaniazko sari nagusia Carlos Schilling idazle argentinarrarentzat izan da La muerte en Venecia kontakizunagatik. Epaimahaiak, gainera, 1.750 euroko lau accesit eman dizkie Goiatz Labandibar Arbelaitzi (Senide kontuak) eta Asier Serrano Lasari (Gure Gernika galduak) euskarazko ipuinen kategorian, eta Carlos Garcia Burgosi (El desentierro) eta Santi Perez Isasiri (Hijomuerto) gaztelaniazko ipuinen kategorian.

Exit mobile version