BERTSOTAN

“Fernando Aire Xalbador. 40 urte”

Azaroaren 7an bete ziren 40 urte Xalbador hil zela. Bertsolaritzan izan duen eragina eta presentzia nabarmena gogoratzeko, Photomuseumek sustatu eta Zarauzko Udalak babestutako Aula/Gela programaren barruan, gaur, azaroaren 11n, Jose Mari Iriondo kazetariak Xalbador bertsolariaren inguruan hitzaldia eskainiko du, 18:00etan.

Fernando Aire Etxart izan zen Xalbador bertsolaria. Urepelen jaio zen 1920an, eta 1976an hil. Adituen arabera bertsolari liriko eta poetikoa, seriostasuna eta malenkonia ordezkatu izan zituen anitzetan; bizitza, familia, baserria, fedea eta natura izan zituen bertsoetako gai. Mattinekin batera, Ipar eta Hego Euskal Herriko bertsozaleak elkartu zituen. Ezin bertzean (1969) eta Odolaren mintzoa (1976) bertso bildumak eman zituen argitara. Euskaltzain ohorezko ere izendatu zuten 1977an. Bere garaiko bertsolari txapelketa eta sariketa gehien-gehienetan parte hartu zuen. 1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu zuen, Uztapiderekin batera, eta bigarren amaitu zuen, baina ikusgarria izan zen oso han gertatu zena.

Honetaz eta beste guztiaz, Jose Mari Iriondo kazetaria arituko, berak gertutik ezagutu baitzuen bertsolaria, izan ere, lan handia egin du bertsolaritza, trikitia eta euskal kantagintza zabaltzen.  Loiolako Herri Irratian 22 urteko jarduna egin du artxibo dokumental aparta osatuz. Euskal kantagintza berriari bultzada handia eman zion Iriondok, eta Ez Dok Amairu taldearen sorreran parte hartu zuen. TVEko Telenorten ibili, ETBko zuzendari eta Euskaltzaindiako Herri Literatura batzordeko kide ere izan da, eta 2010ean, ohorezko euskaltzain izendatu zuten. Euzko Gogoa, Zeruko Argia, Herria, Redención eta Deian ere aritu izan da. Eta Auspoa bildumaren proiektuaren ardura hartu zuen 2009an, Pello Esnal eta Javier Kalzakortarekin batera. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button