Nontzeberri

“Black twins” erakusketa ikusgai, Bizkaiko Abokatuen Elkargoan

Los Dalton edota Duncan Dhu pop talde ezagunetan musikari gisara ibili izanagatik ezaguna bada ere, Diego Vasallok oraingoan bere ibilbide artistikoaren beste aurpegi bat dakar, Bizkaiko Abokatuen Elkargoan jarritako margolanen erakusketarekin. Berarekin batera,  Jesus Maria Cormanen margolanez ere gozatu ahalko du bertaratzen denak.

Hala, Black twins  izenaz bataiatu duten erakusketa ekainaren 12ra arte izango da ikusgai, Elkargoak Bilboko Uribitarte Arranplak kaleko 3. zenbakian duen egoitzan.

Vasalloren lanak, soiltasun kromatiko handiko margolanak dira,  kolore beltz, zuri edota hori gutxirekin. Egoera emozionalak proposatzen ditu bere keinu nagusi gisara eta bere paletaren diskrezioa da darabilen baliabide adimentsuenetako bat. Gainera, automatikoki eramaten du ikuslea antzinako argazkien lengoaiarekin erraz lotzen den espazio kronologiko batera, atenporala eta asaldurazkoa den horretara.

Cormanen margolanak bestalde,  azken urteetan egin duen lanaren bilakaera natural baten emaitza da, eta  bertan, “pintura erabili dut, behin eta berriz, naturarako hurbilketa ibilgailu gisa”, azpimarratu du artistak. Ildo honetatik, hortaz, paisaiatik abiatutako esperientzia proposatzen du bere lagin horretan gai eta baliabide gisara, “irakurritako paisaia, zentzumenetik interpretatua”, gaineratu du.

Errealitate fisikoaren aurrean dagoen artista da, errealitate horrek irentsi ondoren, beste modu alternatibo bat  bilakatzen dena.  Horretarako, pinturaren materialtasuna,  bere borondatearen edota trebetasunaren zerbitzura jartzen du.

Informazio gehiago, Bizkaiko Abokatuen Elkargoa.

Exit mobile version