IKUS-ENTZUN

“Black is Beltza”, San Telmo Museoan

Donostiako San Telmo Museoak Fermin Muguruzak zuzendutako Black is Beltza animazio filmari buruzko erakusketa inauguratuko du bihar. Filma urriaren 5ean estreinatuko da, eta izen bereko komikian oinarrituta dago.

San Telmo Museoren arabera, “Black is Beltza erakusketak bidaia bat proposatzen digu: Black is Beltza eleberri grafikoko protagonista den Manex Unanueren abentura hainbat leku eta herrialdetan barrena. Abiapuntua da 1965ean Iruñeko erraldoien konpartsak New Yorkeko 5. etorbidetik egindako desfilea”.

Erakusketan komikia sortzeko erabilitako materialak bilduko dira. “Argazki-artxiboak, animaziozko filmaren jatorrizko marrazkiak eta ikus-entzunezko materialak (sasoi hartako ikuspegi sozial, politiko eta kulturalaren erakusgarri)”. Komikia Muguruzak sortu zuen Harkaitz Cano idazlearekin eta Jorge Alderete irudigilearekin batera.

Erakusketa irailaren 30era arte egongo da zabalik, eta tarte horretan erakusketari lotutako bestelako jarduerak ere egingo dira.

Filmaren harira, estreinaldia urriaren 5ean izango da. Barton Films enpresak banatuko du, eta Muguruza  bera da zuzendaria. Gidoia, halaber, Harkaitz Canok, Eduard Solak eta Ferminek berak egin dute.

Pertsonaien ahotsak ondoko aktoreek antzeztu dituzte: Unax Ugalde, Isaach de Bankolé, Iseo, Sergi Lopez, Ramon Agirre, Rossy de Palma, Ramon Barea, Willy Toledo, Angelo Moore, Maria de Medeiros, Jorge Perugorría, Hamid Krim eta Emma Suarez.

Soinu banda, bestalde, Raul Fernandez Refree musikari eta ekoizle katalanak eta Fermin Muguruzak egin dute, ondokoekin elkarlanean: ndokoen doinuak entzungo dira: Anari, Maika Makovski, Manu Chao, Yacine, Ana Tijoux, Brenda Navarrete, Sonido Gallo Negro,Lengualerta, Ceci Bastida eta Iseo, besteak beste. Horrekin batera, kantu klasikoak ere entzuten dira, esaterako, The Velvelettes soul hirukotearen He Was Really Saying Something doinua.

Azkenik, filma euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta arabieraz ikusi ahalko da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button