Nontzeberri

Bizkaiko makina bat museo ospakizunetan dabiltza

Museoak kulturaren ardatz gisa: tradizioen etorkizuna lelopean, Bizkaiko 38 museok Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko dute maiatzaren 18an, eta hainbat jarduera eskainiko dituzte.

Museo horietako gehienetan, doan izango da sarrera maiatzaren 18an, eta gainera, 65 bat jarduera egingo dira lurraldeko udalerrietako 24 ekipamendutan. Hala, familientzako tailerrak Arkeologi Museoan (Bilbo), Gernikako Bakearen Museoan (Gernikan), Rialian (Portugalete) edo Itsasoa Museoan (Santurtzi); ipuin-kontalaria  Simon Bolibar Museoan (Ziortza-Bolibar), edo ibilbide kultural bat Enkarterrietako Museoan (Sopuerta) programatu dira.

Horrez gainera aukera dago haien erakusketak ikusteko: Bidaia liluragarri bat. Gizakiaren ilargiratzearen 50. urteurrena, Andrés Urdaneta Historia Naturalaren Museoan (Loiu), edo Bizkaiko Golkoan hondoratzeak Plasentia de Butrón Museoan (Plentzia).

Era berean, hitzaldi batzuk ere emango dira, esaterako: Quintín de la Torre, tradizioa eta modernitatea, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan (Bilbo); Ondarea eta Memoria Txilen: Villa Grimaldi, Gernikako Bakearen Museoan, edo Artelana bere testuinguruan: Dionisioren itzal luzea, Bilboko Artelan Berreginen Museoan.

Musikak ere bere lekua izango du, Durangoko Arte eta Historia Museoan, non bertso-saio plastiko esperimental bat egingo den Igor Elortza eta Miren Amuriza bertsolarien eskutik, Maite Berriozabal gai-jartzailearekin batera. El Pobal burdinolan (Muskiz), Ingudea eta dultzaina: burdinolaren hotsak! jarduera egingo da.

Programazio osoa jakin nahi baduzue, Bizkaiko museoen webean duzue.

Exit mobile version