Nontzeberri

Bizkaiko hainbat agiritegi laster irekiko dira

Funtsak kontsultatzeko, eta hitzordua eskatuta, ekainaren 1etik aurrera, Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dituen Bizkaiko Foru Liburutegia, Foru Agiritegi Historikoa eta Probintziako Agiritegi Historikoaren ateak berriz irekiko dira. Data horretatik aurrera, bertaratu ahalko da edonor, aurrez aurre funts dokumental, bibliografiko eta hemerografiko aberatsa kontsultatzeko.

Hemendik aurrera, eta segurtasun-baldintzak bermatzeko, funtsak kontsultatzeko zerbitzua aurretiko hitzorduaren bidez egingo da. Hortaz, eskaera egin beharko da eta bertan zehaztu zein den kontsultatu nahi den aldizkako liburua edo argitalpena edo informazio bibliografikoa.

Hitzorduaren bidez, harremana zuzenagoa eta arinagoa izango da, eta kontsultatu beharreko funtsak erreserbatu ahal izango dira. Kontsulta amaitutakoan, “erabilitako materialak zehatz-mehatz garbituko dira eta funtsen berrogeialdi prebentiboa egingo da, hurrengo erabiltzen direnerako higiene- eta osasun-baldintza egokietan egon daitezen; hurrengo erabilera hori ezin izango da berehala izan”.

Bizkaiko Foru Liburutegiaren kasuan, une honetan eta berriro abisua eman arte, etenda daude oraindik eguneroko prentsa-zerbitzua, Interneteko aretoa, ikasgeletarako sarbidea material propioarekin, tailerrak, irakurketa-klubak eta kulturaren zabalkundea egiteko beste jarduera batzuk.

Exit mobile version