MUSIKA

“Funk Reggae Warriors” festa Donostian

Bihar, hilak 7, Funk Reggae Warriors festaren hirugarren edizioa egingo dute Donostiako Doka Antzokian. Musika beltza omendu nahi duen festa da biharkoa. Horretarako hainbat artista izango dira oholtzan, tartean, Euskal Herrian erreferentzia diren musikariak ere.

Emanaldia 21:00etan hasiko da The Groove Agents (The Billie Jeans) funk taldearen kontzertuarekin. Ondoren, eta reggae estiloari hasiera emateko, Europan famatua den Heartical Sound frantsesa arituko da.

Gonbidatu berezi gisa Wayne Smith abeslari Jamaikarra izango da. Jamaikako musikaren baitan artista klasikoa da Sleng Teng doinuari esker, eta munduko ekoizle hoberenekin egin du lan.

Horrez gain, horrelako ekimenetan ohikoak diren Revolutionary Brothers sound system donostiarra ere izango da King Konsul eta Yanu abeslariekin batera. Festari jarraipena emateko, Sistah Seletah (A Fuego Negro Team) taldeak musika beltzaren estilo anitz jorratuko ditu.

Inda Glory Studiosen estreinako biniloa

Inda Glory Studiosek, gainera, bere lehengo binilozko 12 hazbetekoa aurkeztuko du bihar. Iazko urrian estudio horrek bere lehen erreferentzia kaleratu zuen CD euskarrian: IndaGloryStudios Vol1. Donostiako eta Euskal Herriko reggae eszena bultzatzeko asmoarekin sortu dute zigilua.

Binilozko 12 hazbetekoak CDko hiru erritmo eta sei kanta biltzen ditu, sound systemek, disko jartzaileek eta irratiek erabil ditzaten. Binilozko edizioan honako artista hauek bildu dituzte: Tippa Irie, Marina P, King Konsul, Yanu, Charly I, Mr Garlik eta Gorka Suaia.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button