Nontzeberri

Bizkaiko Foru Aldundiak “Lauaxeta Sariak” banatu ditu

Gaur berton, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Bizkaiko Foru Aldundiak Lauaxeta Sariak banatu ditu Bilboko Foru Jauregian. Sari hauen bidez, Esteban Urkiaga Lauaxeta poeta ekartzen da gogora, eta euskararen normalizazioa eta euskal kultura sustatzen ahalegin berezia egiten duten pertsonei, kolektiboei eta erakunde publikoei egiten zaie aintzatespena.

Bizkaiko Foru Aldundiak banatzen duen 2019ko Lauaxeta Ohorezko Saria EraMiak administrazioan hizkuntza normalizatzeko programari eman dio “lan-munduan euskara sustatzeko eginiko lanagatik”. Sari honi buruz, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak azpimarratu nahi izan du “euskararen erabileraren mikroplanen bidez egiten ari den lan handia”.

Euskararen sustapenean jardun duten beste saridunak honakoak izan dira: Iñigo Astiz izan da irabazlea poesia-kategorian, 35 urtez beherakoentzako modalitatean, Analfabetoa poema-bildumari esker; Pello Otxoteko, berriz, poesia-kategorian, Itsas Bizimina poema-bildumari eskera, eta Fermin Etxegoien, Euskaltzaindia: Egunak eta lanak obraren zuzendaria, ikus-entzunezkoen kategorian.

Iñigo Astizek Baita hondakinak ere argitaratu zuenetik zazpi urte igaro direnean ikusi du argia bere bigarren poema liburuak. “Denok gara analfabeto iberieraz idatzitako inskripzio baten aurrean, baina horrek ez du esan nahi gaur egun inguratzen gaituzten mezuak osotasunean ulertzen ditugunik. Hain zuzen ere, kodeak, zeinuak ulertzeko saiakerak -batzuetan ezintasunak, beste batzuetan ulertzeak ematen duen poz txikiak- zeharkatzen du Astizen liburua.”

Pello Otxotekok, epaimahaiaren iritziz, bidaia literario-sentimental bat proposatzen du Itsas bizimina liburuan itsasoaren sinboloaz baliaturik. Poema-bilduma honetan, “bizitza eta bizi-nahiaren arteko eztabaidan”, poetaren espresioak eta iradokizunak eskaintzen zaizkio irakurleari.

Azkenik, ikus-entzunezkoen saria Fermin Etxegoienentzat izan da Euskaltzaindia: Egunak eta lanak obragatik. Bertan, Euskaltzaindiaren iraganeko, oraingo eta etorkizuneko lana erakusten du egileak, eta “euskara batua aurkezten du euskal identitatea eraikitzeko funtsezko alderdi gisa”.

Exit mobile version