ESZENA

"Aitarekin Bidaian"

Bi bidaideak, aita-semeak, elkarrekin bizitzera kondenatuta geratu dira. Halaxe eskatu zion amak hil aurretik Patxi semeari; haren faltan, aita zaintzeko.
Hauxe dugu Aitarekin Bidaian Hika Teatrok burutuko duen antzezlanaren abiapuntua.

Patxi zinez saiatuko da amari emandako hitza betetzen baina, laster jabetuko da aita ez dela jada amak ezagutu zuen gizona; orain beste bat dela.
Aita gaixo dago, zahartzaroko gaixotasun horietako batek jota eta maiz, oso maiz, aitak ihes egingo dio beste mundura. Patxiren bizitza infernua bihurtuko da, eta aitaren zaintzak arazoak sortuko dizkio bere eguneroko harremanetan: neska-lagunak utzi berri du eta lanean ere kaleratzeko zorian daude.
Patxik gehiago ezin eta zerbait egiteko behar gorria ikusi du.

Historia honek itxuraz dramarako osagai guztiak dituen arren, umoreari ere tokia utziko dio atal asko modu absurdoan jorratuz eta ondorioz momentu barregarri asko eta hunkigarriak beste hainbat sortuz.

"…Zaharrak, gauzak dira esaten ziguten gure zaharrek (barre
minduz) eta barre egiten genuen zaharren gauzak zirelakoan.
(etsipenez) Eta barrea zimurtu egiten da ziztu batean. Eta ahazten hasten zara. (pausa) Lehendabizi, gauzak: non sartu ote ditut giltzak? Geroxeago, hitzorduak: ze egunetan itzultzeko agindu zidan medikuak? Eta apuntatzen ikasten duzu… (etsipenez) apuntatutakoa begiratzea ahazten duzun arte. Ahazten duzu bezperan izandakoa, goizean esandakoa, iluntzean egitekoa. Ahazten zaizkizu pastilak, antiojuak, izenak, urtebetetzeak, aurpegiak, bideak. Eta azkenik, ahazten zaizu non zauden eta zergatik, eta nor zaren. Ahaztu. Dena. Ona eta txarra. Ahazteak merezi duena eta ahaztea lastima dena. Ez dago ahanzturarentzat hesirik. Nor izatetik ezer ez izatera eramaten zaitu ahanzturak. Zu, baina ez zu bakarrik: ezereza bihurtzen zarenean, beste guztiak zurekin. Gauza bakarra gogoan: zaharra, gero eta zaharrago. Erremediorik gabe. Atzera bueltarik gabe".

Uhagon Kulturguneak bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button