BERTSOTAN

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa Gernikan abiatuko da urriaren 6an

Bilboko Rekalde aretoan,  Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara Zuzendariak, Ione Narbaiza Txapelketaren arduradunak eta Asier Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale Elkartearen lehendakariak aurkeztu dute gaur Bizkaiko Bertsolari Txapelketako xehetasunak.

Guztira 9 bertso saio egongo dira udazkeneko fasean. Bizkaiko herrietan zehar urriaren 6an Gernikan hasita, bost kanporaketa eta hiru finalaurreko egingo dira lehenik, eta bertatik  garaile aterako diren 8 bertsolarik, Bilboko Bilbao Arenan abenduaren 16an emango duten final handia.

Bizkaiko Udaberriko fasean sailkatutako 29 bertsolarik hartuko dute parte udazkeneko fase honetan Ohiana Bartra 2014ko txapelketako finalistarekin batera, eta sei bertsolari arituko dira buruz buru saio bakoitzeko. Hortik, 10 bertsolari sailkatuko dira finalaurreko faserako. Hauek, era berean,  2016ko 8 finalistekin erakutsi beharko dute euren abilezia. 18 bertsolari izango dira guztira finalaurreko fasera pasatuko direnak.  Eta hortik, hiru bertsolarik eta puntuazio handiena lortutako beste bostek, final handirako pasea eskuratuko dute. Lekeitioko Santi Brouard Kiroldegia abenduaren 1ean egingo den saioarekin jakingo da hortaz, Bilbao Arenako oholtzan arituko diren 8 bertsolari finalisten izenak.  Gernika-Lumo, Santurtzi, Amorobieta-Etxano, Plentzia, Berriatua, Berriz, Igorre eta Lekeitio izango dira beraz, udazken honetan bertsolaleentzako ezinbesteko plazak.

2 urtetik behin egiten den txapelketa bertsolarien lana agertzeko plaza ez ezik, bertsozaleentzako arnasgunea eta bertso eskolen lana agertzeko plaza ere badela azpimarratu du Asier Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale Elkartearen lehendakariak. Era honetan, “urte osoko elkarlanaren emaitza plazaratzeko ekimena da”.

Ildo beretik, txapelketak duen garrantzia nabarmendu dute antolatzaileek. Bizkaiko lurralde osoko herrietan zehar dauden bertso eskolek, bertsozaleek eta elkarteak berak urte osoan egiten duten lana azpimarratu dute, “bertsolaritzaren ekosistema osatzen duten basoaren ezinbesteko  elementuak dira”, gaineratu du Ione Narbaiza Txapelketaren arduradunak, aurtengo karteleko irudiaren mezuari erreferentzi eginez.  Maite Berriozabal gai jartzaileak idatzitako mezua da aurtengo karteleko irudiari esanahia ematen diona. Eta horixe da hain zuzen helarazi nahi den mezua: txapelketaren atzean, ekosistema oso baten lana dagoela, elkartea beraren lanaz gain, bertsozaleen eta batez ere bartso eskolen ezinbesteko ekarpen eta transmisio lana.

Ildo beretik egin ditu adierazpenak Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara Zuzendariak ere. Bertso eskolen eta ikastetxeetako  lanari erreferentzia eginez,  “bertso eskolak bertsolaritzaren eta batez ere euskararen kalitatezko  transmisioa bermatzen duten harrobi dira, eta Foru Aldundiak, eskoletan eta ikastetxeetako harrobi horiek bultzatu eta elikatuko ditu”, esan du de Castrok.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, hainbat helbururekin jaio zen. Hala, bertsogintzaren oinarriak finkatzeaz eta garatzeaz gain, euskal kultugintzari eta komunitate euskaldunari ekarpena egin nahi dio euskarazko kalitatezko sorkuntza eredugarri bat emanez. Horregatik, “txapelketa jendarte anitzaren isla izateko ahalegina da: genero, maila sozioekonomiko, adin, ideologia eta jatorri guztiak jaso eta islatu nahi dituena”, Asier Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale Elkartearen lehendakariaren esanetan.

Txapelketaren informazio guztia duzue Bertsozale.eus atarian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button