BERTSOTAN

Bizkaiko Bertsolari Gazteen Txapelketa, bihar hasiko da

Bihar bertan Igorren hasiko den BBK-ko Bertsolari Gazteen Txapelketaren XXIV. edizioaren aurkezpena, gaur goizean egin dute BBK-ko kultura arduraduna Ixone Zubietak, Bizkaiko Ikastolen Elkarteko bertsolaritzaren arduradun Juanjo Respaldizak eta Bizkaiko Bertsozaleen Elkarteko ordezkari Ione Narbaizak. Eurekin batera Jone Uria bertsolari gaztea ere izan da lehiaketan honetan izan duen eskarmentuaz berba egiten.

BBK-k antolatzen du Bizkaiko Bertsolari Gazteen Txapelketa, beti ere Bizkaiko Bertsozale Elkartearekin eta Ikastolen Elkartearekin batera, eta bihar bertan abian jarriko da XXIV. edizioa Igorren. Ostean, Durango, Sopela, Markina-Xemein, Arratzu, Zalla eta Bilbo bisitatuko ditu lehiaketak. Horretarako 4 kanporaketa, bi finalaurreko, eta Bilboko Kafe Antzokiko finala atondu dira. Finalaurrekoak martxoaren 2 eta 8an izango dira Arratzun eta Zallan, eta finala, martxoaren 18an.

48 bertsolari arituko dira zortzi taldetan (Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri-Ezkerraldea, Hego Uribe, Lea-Artibai, Uribe-Butroe eta Uribe-Kosta), izan ere txapelketa hau taldeka jokatzen da eta ez banaka, “talde ahalegina bultzatzen da, eta euren artean sortzen den dinamika oso kontu aberasgarria izaten da” adierazi dute antolatzaileek.
Talde bakoitzean sei bertsolarik kantatuko dute, multzo bitan banaturik: A multzoan 18 urte artekoak, eta B multzoan 24 urte artekoak. Gazteek antolatzen dute dena eta gazteak izaten dira parte-hartzaile bakarrak: bertsolariak, gai-jartzaileak, epaileak, eta abar.
Biharkoaren ostean Durangoko saioa etorriko da, otsailaren 23an; gero Sopelakoa (otsailak 24), eta gero Markina-Xemeingoa (martxoak 1).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button