MUSIKA

Jare, lurra eta zerua lotzen

Jare, Idi Bihotzeko Mikel (gitarra eta ahotsa) eta Gorka Bizar (gitarra) anaiek abiaturiko egitasmo berria da. Anaiekin batera, Autoestereo bandako taldekideak ere ari dira boskotean. Gaur aurkeztu dute Bilbon Itxaropenaren ertzean estreinako lana Oihuka diskoetxearen eskutik.

Diskoaren aurkezpen-ekitaldian, taldekide guztiak ez ezik, Anjel Valdes Oihuka diskoetxeko ordezkaria, eta Tele 5 telebista kate espainiarrak emititu ohi duen Operacion Triunfo saioan parte hartu zuen Ainhoa Cantalapiedra abeslaria ere izan dira. Cantalapiedrak, izan ere, Ilargi Berria kantuan abestu du. Ikusi klipa.

Valdesek azaldu duenez, Jarek tentsio eta emozio tarteak biltzen ditu bere kantuetan, “lurra eta zerua uztartuz, gorputza eta arima batuz”. Hala, lurraren fisikotasuna musikak gehitzen du; zerua, berriz, hitzek. Idi Bihotzen indar heavya neurri handi batean desagertu egin da jario berrian, une lasaiagoei eta akustikoei tokia egiteko, alegia, Jare proposamen pop zaleagoa da. “Idi Bihotz heavy hutsa zen; Jare ez dakit non kokatu”, esan du Mikelek. “Halere, gure beste taldeen esentzia gordetzen du, gitarrei distortsioa kentzea kostatu zaigun arren”, gaineratu du umoretsu. Finean, pop, rock eta heavyaren arteko uztarketa melodikoa da Jare, eta irratian asko entzungo da, ezbairik gabe.

Anaia biek abiatu zuten egitasmoa duela sei hilabete Idi Bihotz desegin ostean, Autoestereoko Jagoba Ormaetxearekin batera, -azken hori Ainhoa Cantalapiedraren gitarra jotzailea ere bada-. Zenbait kanturen fitxategiak posta elektronikoaren bidez trukatu ondoren, irailean bi kantu grabatu zituzten Bilboko Balea estudioetan. Emaitzak onak zirela ikusi eta gero, diskoa grabatzea deliberatu zuten. Hala, iazko urritik abendura bitartean Itxaropenaren Ertzean grabatu zuten Usurbilgo Higain estudioetan Haritz Harreguyren gidaritzapean. “Modan dagoen ekoizlea”, nabarmendu du Mikelek.

Aipaturiko hiru musikariez gain, taldea Iñigo Benitok (Autoestereo) bateria jotzaileak eta Kepa de Miguelek baxu jotzaileak osatzen dute. Kolaborazioei dagokienez, Alex Sardui ere izan da grabazioan, diskoari izenburua ematen dion kantuan abesten du, hain zuzen ere. Diskoak jasotzen dituen 11 kantuen artean, gainera, Xabier Leteren Xalbadorren Heriotza-ren egokitzapena bildu dute, -poeta eta musikaria hil baino lehenago idatzia, tempo azkarra erantsi diote-.

Taldea zuzenekoa prestatzen ari da, beraz, ez dute kontzertu datarik iragarri. Hori bai, Gauak eman didana kantuaren klipa izan dute hizpide agerraldia amaitu baino lehen. Bertan, Marino Lajarreta, Jose Luis Korta eta Patxi Usobiaga kirolariek parte hartu dute.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button