LITERATURA

Bizkaiera hauspotu nahi dute “Klasikoen Irakurraldi Jarraitua” ekimenarekin

Gaur goizean Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Irakurraldi Jarraituaren hamaikagarren edizioa aurkeztu dute Arriaga Antzokian. Bertan, ekainaren 4an irakurriko den Txomin Agirreren Kresala lanaren eta horren inguruan antolatu den ekimenaren nondik norakoak emateko, Koldo Narbaiza Bilboko Udalaren Euskara eta Hezkuntza zinegotzia, Pedro Alberdi irakurketaren arduradun eta Bilbo Zaharra Euskaltegiko ordezkaria, Kirmen Uribe idazlea, eta Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria bildu dira.

Aurten, Txomin Agirreren Kresala lanaren irakurketa jarraitua egingo da datorren ostegunean, hilak 7, Arriaga Antzokian. Ekimen honekin “bizkaieraren garrantzia azpimarratu eta Euskaltzaindiaren eta euskara batuaren urteurrenak ospatu nahi dira”. Hamabi orduz jarraian, 400 bat lagun txandatuko dira Txomin Agirreren obra irakurtzen. Domingo Txomin Agirre Badiola (Ondarroa, 1864-Zumaia, 1920) euskal idazle eta apaiza euskarazko lehen eleberrigilea izan zen, askoren ustez, eta Euskaltzaindiaren sorreran parte hartu zuen. Haren lan nagusiak Kresala (bizkaieraz) eta Garoa (gipuzkeraz) dira.

Pedro Alberdik seinalatu duenez, “ekainaren 7an, Euskara Ikasleen Jaiaren barruan kokatzen da Klasikoen Irakurraldi Jarraitua, ikasle guzti-guztiei omenalditxo bat egin nahi zaie baita klasikoak ezagutarazi ere. Horretarako, Bilbo Zaharra Euskaltegiak prestatu ditu Kresalaren inguruko unitate didaktiko batzuk, ikastetxe, ikastola, euskaltegi eta abarretan erabiltzeko eta lantzeko”. Ekimenean, ikasturte honetan parte hartu duten ikasleak bilduko dira testu zatiak irakurtzen, eta bertako giroaz gozatzen. Gainera, Arriagako Plazan Bilboko Gaztedi dantzari taldearen gidaritzapeko erromeria bat antolatu da arratsalderako, festa giroarekin egun ederrari amaiera emateko.

Irakurraldia hasteko (08:00etan hasi eta arratsaldeko 20:00etan bukatuko dena) Kirmen Uribek irakurriko ditu liburuko lehenengo lerroak, eta Arriaga Antzokiaren kanpoaldeko pantaila batean eta EITB-ren webgunean jarraitu ahal izango da zuzenean, bai eta Azkuna Zentroak Kulturen Atarian jarriko duen pantaila batean ere.
Ohi bezala, euskal gizartearen arlo guztietako jendeak irakurriko ditu Kresalaren pasarteak jendaurrean, eta gainera Euskal Etxeetan grabatutako irakurketa-bideoak ere proiektatuko dira.

Urtero bezala, Bilbo Zaharra Forumek Arriagan irakurriko den eleberriaren inguruko hitzaldi-sorta batzuk antolatu ditu. Aurten, Kresalaren sundan izeneko jardunaldi literarioak antolatu dira Bilboko Plaza Barrian, Euskaltzaindiaren egoitzan. Lehenengo saioa ekainaren 4an (gaur) izango da, eta bertan, Itxaro Bordak Atzoko eta gaurko kresalak izeneko hitzaldia eskainiko du 19:00etatik aurrera. Hurrengo egunean, ekainak 5,  Koldo Izagirre idazleak Arranondotik Trintxerpera Galizian barrena saioa burutuko du, eta bere ostean, Harkaitz Canok Kresalaren haritik, gaurkotasun apunteak hitzaldia egingo du. Kirmen Uribe izango da azken egunaren (ekainak 6) protagonista. Haurtzarominak Agirreri izeneko hitzaldia eskainiko du Kresalaren sundan zikloan.

Informazio guztia hemen eskuratu ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button