MUSIKA

Musika eta performancea gaur “UrbanbatFest” jaialdiaren itxieran, Bilborocken

Urbanbat kultura, hirigintza eta gizarte berrikuntzari buruzko jaialdiaren zortzigarren edizioak amaiera jaialdia antolatu du gaur, azaroak 22, ostiralez, Bilborock aretoan.  Aurten, gainera, MEM Nazioarteko Arte Esperimentalaren Jaialdiarekin batera antolatu da UrbanbatFest jaialdiaren itxiera ekitaldia.

Festibalaren arima musika, antzerkia, dantza, performancea edota espazio publikoko esku-hartzeak dira. Horretarako, MEM Bat Extravaganza ikuskizuna ondu dute, “ohikoa ez den moduan edo ordenan zerbait arraro, bitxi, berezi edo original bat egitea”, antolatzaileek azaldu dutenez. Iluntzeko 20:00etan hasiko da jaialdia eta gaua ondo sartu arte ondu duten egitarauak, musikari dagokionez, YAK42: Différence et Répétition Ramon Faura musikari eta arkitektoaren proiektua aurkeztuko da, “musika elektronikoaren, ikuspen korrosiboen eta psikodeliaren uztarketa errepikakorraren eta diferentzia katartikoaren mantra”.

Baita, Ivana Ray Singhek eta Maria Gatasantak osatutako bikote postindustrial esperimentalaren Amas proiektua. Erritmoak bideratzen du haien musika. Batzuetan, minimoa da, lisergikoa; beste batzuetan, berriz, birrintzaile eta hipnotikoa, nahierara deitzen eta desterratzen duen ahots batek gidatua, “distortsionatutako cassette eta electribe er-1 sinteek sortua”.
Linea Táctica da hirugarren musika proposamena, musika-ikonografia bat, “bidezko deseraikitze baten  ondoriozkoa; edo zintzotasunik gabeko konposizioei lotutakoa”, argitzen dutenez. Haien osagai  argienak, musika bihurria, akzidentala, atenporala, zehatza edota musika elektroakustikoa” dira.

Eta performance ikuskizunei dagokionez, batetik,  Ignacio Galilearen Madrid ikuskizun bitxia aurkeztuko da, gaurkotasun handikoa, hutsegite burokratiko baten ondorioz bizi izandako esperientzia batetik sortutakoa, eta nortasunari, gure sistema sozialari, eta giza ergelkeriari buruz gogoeta egiten duena. Artistak azaltzen duenez, “performance soziodeliko bat, sorkuntza-prozesuan berez sortzen eta gaineratzen diren hainbat kanal artistiko, kontzeptu, ikur eta erreferentziaren nahasketa” da ikuskizuna.

Eta bigarren proposamenak Jessica Llorenteren Deskribaezina ikuskizuna dakar. Artistak azaldu duenez, “mundua esploratzea gustatzen zait, ea zer aurkitzen dudan ikusteko. Horretarako, nire hurbilketa modua erabiltzen dut; begirada eta begiratzeko modua erabiliz eta nire buruari galderak eginez emaitza batzuk aurkitzen ditut, eta ondoren, nire lanean islatzen ditut”.

Gainera, aurten, Radio 3 Espainiako Irrati Nazionaleko Fluido Rosa irratsaioa zuenean egingo du Rosa Perezek, programa berezia Bilborock bertatik, elkarrizketak eta zuzeneko emanaldiekin.

Jaialdiaren informazio gehiago duzue, urbanbat.org webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button