MUSIKA

The Drones, tenk egin arte

Australiako The Drones bandak hiru kontzertu egingo ditu gurean: ostegunean, hilak 17, Donostiako Dabadaba aretoan izango da; ostiralean, hilak 18, Gasteizko Jimmy Jazz-en; eta, amaitzeko, larunbatean, hilak 19, Bilboko Kafe Antzokian. Azken bi kontzertu horietan, Inoren Ero Ni gipuzkoarrekin partekatuko dute agertokia.

I See Seaweed (2013) izenburuko lan berria aurkeztera dator The Drones Euskal Herrira. Alabaina, ez da hau australiarrek gurera egin duten estreinako bisita, aurretik Bilbon eta Gasteizen ikusi baikenituen.

Australiarrek, gainera, harreman estua dute Euskal Herriarekin, izan ere, euren hainbat disko Santurtzin egoitza duen Bang! Records diskoetxeak argitaratu ditu. Egunotan, gurean aurkeztuko dute I Sea Seaweed ere Bang!-ek plazaratu du Europan, CD eta LP bikoitzean.

Gareth Liddiard gitarra-jotzaile eta abeslari karismatikoak zuzentzen du banda. Bere doinuak gitarra korapilatsuetan nahastutako garrasi desesperatuak dira, tentsioz beteta. Eztanda artetik atera, eta amildegira gerturatzen dira, zulo beltzetan hondoratu arte. Eta hitzek, kutsu dramatiko ber-bera haizatzen dute.

Bluesaren eta rock gordinaren arteko uztarketa zingiratsu eta klasikotik loratu da The Drones-en jarioa, herrikide dituzten Birthday Party, Scientists edo Beasts Of Bourbon basapiztien basatzatik, hain juxtu; Liddiard-ek, baina, apur bat harago eraman du tradizio aussie hori, Neil Young-ekin lotu arte… muturreraino… tenk egin arte.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button