Nontzeberri

Bizitzaren iragaitea

Durangon garatzen ari den Begira Photo Jaialdiaren barruan, gaur berton, Natacha Marlo artistaren Absoluto izeneko erakusketa inauguratuko da. Federico Clavarinoren Ukraina Pasport eta Hexapoda izeneko erakusketa kolektiboaren atzetik etorri da Absoluto deiturikoa. Datozen asteetan Mikel Ibarrolaren Pasos eta Laëtitia Donval-en Nerves, Fest & La Maison erakusketak zabalduko dira.

Bertatik bidali diguten oharrean Natacha Marlo artistaren Absoluto erakustaren nondik norakoak azaltzen dira: “… egileak hurrengo eguneko zereginei egiten die gainbegiratua, eta kontzientzia hartzen du, labur aztertuz, nor den, nor izan zen, zer izango den edota zer izan nahi duen. Absoluto lanean lehenengoz erabiltzen du kolorea bizitzatik iragan izanaren sentimendu barrukoena, bere arima hustu eta berriro ere bete zela kontatzeko; bizi den munduaren ikuspuntu berria da”.

Natacha Marlo (Granada, 1967) oso gazte hasi zen bere bizitza irudietan harrapatzen eta gaur egun, beti eroaten du bere kamera konpaktu txikia leporaino betetako poltsan. Une txikiak biltzen ditu kamerarekin, eta memoriatik ihes egiten badute ere, inprimaturik geldituko dira.

Espainiako hainbat hiritan erakutsi ditu bere lanak, eta honakoetan ere bai: Larache eta Tanger (Maroko), Berlin (Alemania), Santo Domingo (Dominikar Errepublika) eta Ribnik (Bosnia Hertzegovina).

Diogun bezala, Absoluto izeneko erakusketa gaur inauguratuko da eta uztailaren 15era bitartean ikusi ahalko da.

Exit mobile version