MUSIKA

Bizbak Indie Festival jaialdiaren bigarren edizioa

Iaz egin zen estreinakoz Bizbak Indie Festival jaialdia UPV/EHUren Bizkaia Aretoan. Aurtengoak iazkoaren egitura bera izango du, alegia, hiru egun eta jardunaldi bakoitzean Euskal Herriko eta Espainiako hiru taldek joko dute. Emanaldi guztiak doakoak dira.

Otsailaren 22an izango da lehendabiziko hitzordua. Egun horretan, Euskal Herriko bi ordezkari izango dira oholtzan: MeEnroe bizkaitarrak eta Wilhelm & The Dancing Animals. Lehenengoek emanaldia akustiko egingo dute. Egun horretako kartela Zaragoza hiriko Tachenko taldearekin osatuko da. El Niño Gusano indie talde ezagunean arituriko Sergio Vinadé eta Andrés Perruca musikariek eratu zuten banda hau 2002. urtean.

Bigarren zita martxoaren 1ean izango da. Jardunaldi hau interesgarria izango da oso, kontzertu honetarako propio eraturiko talde baten emanaldiaz gozatzeko parada egongo baita: Los Separatistas. Talde horretan Dan Wilson (The Cubical), Rober!, Iñigo Cabezafuego eta Joseba Irazoki (Atom Rhumba), Felix Buff (Willis Drummond), Mikel Abrego (Anari) arituko dira. Separatistekin batera Pony Bravo andaluziarrak, nontzeberritarrok biziki maite dugun talde psikodelikoa, eta Saioa euskal musikaria izango dira. Azken horrek Moonpalace zigilu finarekin grabatu du eta egun lan berria prestatzen ari da.

Azkenik, hirugarren egunean, martxoak 8, emakumeak izango dira protagonistak: Anni B Sweet kantautore andaluziarra formatu akustikoan; Mursego eta Aries. Mursego, Maite Arroitajauregi txelo jotzailearen bakarkako egitasmo ezaguna da; Aries, berriz, Getxoko pop piskodelikoa jorratzen duen ibilbide luzeko musikaria da; Charades talden arituriko Isabel Fernandez musikariaren egitasmoa da, hain zuzen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button