EZLEKUBAT

Bizardunak: “Oreo”-z beteriko bizarrak

Bizardunak folk talde nafarrak bandaren izen bera duen estreinako CDa plazaratu berri du. Iñigo Cabezafuego-ren azken egitasmoa da hau, eta Brian´s Records-en eskutik argitaratutako lana da. Dagoeneko, folk tradizionalarekin badute gozatzerik Nafarroako historiaz blai eta Irlandako doinu mitikoen kutsuaz jorratuta datorkigun lehen bilduma honekin. Guztira, bost abesti zahar eta lau ekoizpen propiok osatzen dute saiakera hau.

Bizardunak folk taldeko kideak Euskal Folk Erradikalaren mezulariak dira. Seguruenik aurtengo sorpresarik handiena izango da talde hau euskal musikaren eszenaren barruan oso bizardunak eta oso bereziak baitira.
Bederatzi kidez osatua da Iruñean epizentroa duen talde berri hau: besteak beste, Mermaid, Basque Country Pharaons, Green Manalishi, Black Lagun edota Brigada Criminal eta Fiachras taldeetatik datozen bederatzi bizardun festazalez osatua dago.

Josemari taldeko abeslariarekin jarri gara harremanetan koadrila parranderoaren eta estreinako lan horren xehetasun guztien berri izateko.

Josemari aurkeztu zeure burua?
Hiru abeslarien oihularia naiz. Hemendik aurrera hitzen kontua askoz gehiago banatuko da.

Nola sortu da taldea? Koadrila berekoak zarete? Taberna berdinetan ibiltzen zarete?
Lagun-minak gara gehienak eta oso garbi geneukan zer egin behar genuen talde hau sortzeko; edaria, irlandar kantuak eta politika elkartzen diren tokian kokatu gara.

Eta izena nondik dator?
Gizonak gizon bezala aritzen zirenean, bizarra zeukaten ia beti. Zumalakarregik bizarra zeukan, Fidel Castrok ere bai, Maradonak ajea edukitzen zuenean baita, Jim Morrisonek L.A. Woman-en garaian… gaur egungo nenukoak, neskak bezala depilatzen diren gizonak ezin ditugu ulertu… tira… Rajoyk bizarra darama, baina hori arlo sexualari dagokio, uste dut ositos izena dituztela horrelakoek.

Zuena folka dela ez dago zalantzarik. Baina zeintzuk dira zuen eraginak? Pogues oinarrizkoak ikusten ditut zuen musikan.
Egia esateko Dubliners-engana jo genuen bertsioak egiteko, baina Pogues taldeak gauza bera egin zuen, biak ala biak berdin maite ditugu.

Bestalde, zuetariko batzuk rock mundutik zatozte. Non ikusten duzue zuen burua folk ala rock jaialdietan?
Folkientzat indartsuegiak izan gaitezke, Chieftains, Milladoiro edo Kepa Junkera atsegin dutenentzat, hau da, igogailuko folka: odolgabeko soinua, paisaia berdeak ikusteko edo animalien dokumentalen banda sonora izateko folka; rockeroak, berriz, guri bost axola. Nik Pogues Monster Magnet baino lehen ikusi nituen eszenatoki berean, eta esan behar da Dave Wyndorf eta Shane McGowan-ek potro berdinak dituztela, gainera, biak bizarra eduki dute noizbait.

Horren harira, zuena Euskal Folk Erradikala dela esan ohi duzue. Nondik dator etiketa hori?
Ez dugu konfiantza inorengan. Are gutxiago kazetariengan. Tontakeriak irakurri baino lehen guk geuk ipini dugu etiketa eta akabo, bestela post-folk edo horrelako marikonadaren bat entzungo genukeen. Guzti horretaz erabat ziur nago.

Estudioan lan ikaragarria egin duzuela iruditzen zait; diskoak soinu oso ona dauka. Nola moldatu zarete horrenbesteko koadrila handia izanda?
Erantzun aspergarria izango da hau; beste galdera bat mesedez.

Eta azken emaitzarekin pozik? Zer edo zer aldatuko zenuke diskoa entzun eta ikusi eta gero?
Ezerez. Orain, berriz, nahi duguna beste disko bat egitea da. Lastima langileak garela, ajo y agua.

Hitzetan ere ahalegin berezia egin duzue. Gai sozial eta politikoak, parrandarako grina, letra tradizionalak… gai ezberdinak jorratzen dituzue, baina sarritan umore puntu batekin.
Batzuetan umorea dago bestetan ez. Umorea bezain garrantzitsua gorrotoa da gure ispirazioan; bidezkoa da guretzat zenbait ideia gogorki gorrotatzea, ez berriz pertsonak, bere ideiengatik esan nahi dut, bere izaerarengatik barra libre. Kolektiboki borrokatu behar da beti, ez dugu sinesten indibidualtasunean. Ez da sasoirik onena guretzako.

Zuen myspace webgunean aritu naiz miatzen eta, harritu egin nau Oreo-en teoriak. Nortzuk dira Euskal Herriko Oreo-ak?
Oreo-ak, denok ezagutzen ditugun galletitak dira. Beltzak kanpotik eta txuriak barrutik. Estatu batzuetan beltzaranak oreo hitza irain bezala erabiltzen dute beraien artean: kanpotik anaia zara, baina barrutik etsaiaren marka daukazu, kolektibotik ihes egiten ari zara, txuria izan nahi duzu, zure koloreaz lotsatzen zara. Gaur egun beharbada oreoa, Obamarengatik aldatu dute. Ez dakit… Euskal Herrian kontzeptu bera dago; batzuk super-abertzaleak direla deritzote, baina errealitateak beste gauza bat esaten digu. Adibidez, Arzallusek aitorren seme hoberena bezala aurkezten du bere burua, baina azken finean, PNVren botoei esker Madrilen Jose Maria Aznar Espainako presidentea izan zen.

Era berean, “bortizki konkistatua izan den estatu nafarraren autodeterminazioa” ere eskatzen duzue. Horrelakoak irakurrita uste duzu norbaitek serioki hartuko zaituztela?
Galdera honek haserretzen nau. Non ikusten duzu umorea esaldi horretan?

Azkenik, nolako harrera izaten ari dira Bizardunen zuzenekoak? Nolakoak dira zuen kontzertuak?
Festa, festa, festa, festa…beer, beer, beer, beer…

Zerbait gehiago erantsi nahi?
Ezerez… eskerrik asko galderengatik eta ¡Viva Navarra independiente!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button