ESZENA

“Biz-hitza” dantza ikuskizunak euskara batuaren historiara hurbilduko gaitu, Gernikan

Dantza Zirkuituak Gernikara eramango du programazioa, azaroaren 30ean, larunbatean. Lizeo Antzokian, 20:30ean, Biz-hitza Aukeran konpainiaren ikuskizuna estreinatuko da, pasa den martxoaren 16an Bilboko Arriaga antzokian estreinatu ostean.

Edu Muruamendiaraz koreografoaren zuzendaritzapean eta  Xabi Paya kultura sortzaileak idatzitako gidoia eszenaratzen duen ikuskizunak euskara batuaren historiara hurbilduko gaitu. Hala, Herria da gorputza, hizkuntza bihotza, Urepeleko Xalbador (Fernando Aire) artzainaren esana da, zehazki, haren Odolaren mintzoan jasoa eta Mikel Laboaren ahotsak zabaldua. Horren ardura izango dute agertokian, Garazi Egiguren, Ander Errasti, Eneko Galdos, Ione Iriarte, Ekain Kazabon, Oier Laborde, Maier Muruamendiaraz, Uxue Urruzola eta Itziar Uzkudun dantzariek.

“Eta hizkuntza gorputza balitz? Nola azalduko lituzke gorputz adierazpenak hizkuntzaren bat-bateko jaiotza edo elearen etengabeko bilakaera?”  Ikuskizun honek munduko hizkuntza ororen historia unibertsala du abiapuntu, baina euskara batuaren istorio partikularra kontatu nahi du dantzaren bidez Aukeran dantza konpainiak.

Aukeran DK,  1997an sortu zen, Edu Muruamendiaraz dantzari eta koreografoaren ekimenez. Ordudanik ibilbide luze eta emankorra izan du, hainbat ikuskizunen produkzioak eta horiekin egindako birek erakusten dutenez. Dantza tradizionalaren eta garaikidearen arteko mestizajea da lan koreografikoaren ezaugarria.

Dantza Zirkuituaren emanaldi hau, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Sarearen bitartez antolatutako ekimena da eta aurtengoa, hamabosgarren edizioa da, urtarriletik abendura bitartean, 80 emanaldi eskainiko dituena, Euskal Herriko 26 agertokitan.

Informazio gehiago, hementxe.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button