Nontzeberri

Bilboko Udalak “Gabriel Arestiren eguna” ospatuko du gaur

Gaur bezalako egun batean, 1933ko urriaren 14an hain zuzen, Gabriel Aresti jaio zen. Egun hori ospatzeko Bilboko Udalak egilearen egun instituzionala ospatuko du goizean egin den lore eskaintzarekin, eta arratsaldean, 19:30ean, Bidebarrieta Kulturguneak kontzertu-errezitaldi batekin. Udal korporazioko beste kide batzuekin batera, poetaren obra ondo ezagutu duen Angel Zelaieta irakaslea ikusi dugu. Bertan ere Arestiren poemak irakurri dira presente egon diren guztien gozagarri.

Baina ekitaldiak jarraipena izango du arratsaldean ere, 19:30ean, Bidebarrieta Kulturgunean hasiko den kontzertu-errezitaldiarekin. Ekitaldi horretan Ainara Ortegak Arestiren zenbait poema irakurriko ditu, eta Iñaki Salvador piano-jole ezagunak musikarekin girotuko du ekimena. Musikariak Ainara Ortegaren ahotsarekin batera egiten duen bikote proposamen honetan Arestiren lanari emandako begirada berria eskainiko du. Entzuleek hainbeste ezagutzen ez dituzten poemen eta testuen aukeraketa berreskuratuko dute.

Gabriel Arestik (Bilbo, 1933-1975) poesia, eleberria, ipuina eta antzerkia landu zituen, literatura unibertsaleko klasikoak euskarara itzultzeaz eta Euskaltzaindian egin zuen lanaren bitartez euskara modernoaren oinarriak finkatzen laguntzeaz gain. Bere lan ezagunenak Harri eta herri (1964), Euskal harria (1968), eta Harrizko herri hau (1971) poema liburuak izan ziren.

Exit mobile version