ARTEA

Bilboko Rekalde Aretoak ateak zabaldu ditu

Rekalde Aretoak berriro ireki ditu ateak. Garai honek dituen berezitasunei begira, ordutegia aldatu dute eta bisita protokolo bat ere eratu dute bisitarien segurtasuna bermatzeko (eskuak garbitu, maskara erabili, bi metroko distantzia gorde, eta abar).

Zabaltze berriarekin batera bi erakusketa jarri dira ikusgai, lehendik ere bidean zeudenak, Cristina Garcia Rodero argazkilariaren Con la boca abierta (Ahoa zabalik), uztailaren 25era bitartean ikusgai izango dena, eta Claudia Rebeca Lorenzorena Kabinete Abstraktuan abian dena.

Cristina Garcia Rodero argazkilariaren mostran hirurogei irudi baino gehiago biltzen dira, artistaren lan zabala osatzen duten hogeita hamar mila argazkietatik hautatuak izan direnak. Lehen aldiz erakusten ari da Bilbon “egungo argazkilaritza garaikidearen funtsezko sortzaileetako bat” den Cristina Garcia Rodero artistaren lana, eta bere berrogei urteko ibilbide profesionala biltzeko ahalegina izan nahi du erakusketak. Bere lanak “gizakiaren sentimenduak eta emozioak eta egoera askotarikotasuna adierazteko ahoak duen garrantzia islatzen du”. Era horretan,  gizakiaren gogo-aldarte ezberdinak errepasatzen ditu egileak, izan indibidualtasunekiko interesa eta jendearengana hurbiltzeko beharrizana nabariak dira.

Beste aldetik, Bizkaiko Foru Aldundiaren Barriek 2020 programaren Claudia Rebeca Lorenzoren erakusketa abian da Rekalde Aretoko erakusleihoan. Bere ostean, Ivan Gomez eta Irati Inorizaren lanak izango dira ikusgai toki berean, eta aurretik, Natalia Suarez Ortiz de Zaraterenak izan dira.
Barriek 2020 erakusketa-zikloan, Bizkaiko Foru Aldundiaren bekak jaso dituzten artisten lanak erakusten dira, artistok daukaten balioa eta talentua aitortzeko, eta era berean, sortzaileei berriei euren obra kaleratzeko plataforma bat eskaintzeko. Bederatzigarren edizio horretan, lau egileen obrak erakusketaz gain, jarduera osagarriak egingo dira artistekin haien lanen gakoak eta interesa ezagutarazteko xedez.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button