Nontzeberri

Bilboko Pabellon 6 aretoak uztaileko egitaraua ondu du

Hainbat antzerki-lan izango dituzue gozagarri hil honetan, Bilboko Pabellon 6 aretoak ondu duen programazioan.

Felipe Lozak antzeztutako komedia metafisikoa  da El Gilipollas izenekoa. “Zergatik gara batzuk hain babuak? Hauxe da aztertuko den gaia: gizon maskulino baten ergelkeria emozionala… Ricardo, gizon heldu bat, adinez soilik, bizi-krisialdi gogor bati aurre egitekotan da, eta bere akatsak barkatzeko arrazoien bila dabil, bere beldurrei barre egiteko, etorkizun hobeagoa irudikatzeko…”. Obra hori uztailaren 9, 10, 11, 16, 17, eta 18an oholtzaratuko da, 20:00etan, bai eta uztailaren 12 eta 19an ere, 19:00etan.

Beste aldetik, Ramper zenari omenaldi bat egin nahi dion ikuskizuna ere programatu da: Rámper, vida y muerte de un payaso. Monologo honetan Ramper eta Ramon gaur egun aurkitzen dira, antzoki baten, euren istorioa entzun nahi duen norbaiten bila. Eta ez zaie errez izango, 50 urte baino gehiago hilik baitaramate. Uztailaren 23, 24 eta 25ean ikusgai izango da, 20:00etatik aurrera. Eta uztailaren 26an, 19:00etan.

Azkenik, Karmele Jaioren izen bereko testuaren antzerkirako egokitzapena da Ecografias. Irene Bauk antzezten du Ramon Barearen zuzendaritzapean.  Lanak amatasunaren erraietara bidaia bat proposatzen du. Testu hunkigarria, bere xumetasunagatik. Guraso bakar izateko adopzioaren abenturan dabilen emakume baten oroitzapen eta sentimendu zalapartatsuak kontatzen dituen testua da, baina lurralde ezezagunenera eginiko bidaia bat bihurtu beharrean, bere barnera eginiko bidaia izango da.  Obra honen emanaldiak uztailaren 30 eta 31an, 20:00etan; abuztuaren 1, 6, 7 eta 8an, 20:00etan; eta abuztuaren 2 eta 9an, 19:00etan izango dira.

Exit mobile version