MUSIKA

Lee “Scratch” Perry eta Mad Professor Irunen

Expogrow, kalamuaren inguruko jaialdia egingo da irailaren 13, 14 eta 15ean Irungo Ficoba Erakustazokan. Bertan, makina bat ekitaldia izango dira, azoka, foroa, skate, herri kirolak edo graffitiak egiteko esparrua, bai eta musika jaialdia ere. Kartel buru Lee Scratch Perry Jamaikako ekoizle eta artista aitzindaria izango da. Dub ekoizpenetan maisua den Perry Mad Professor-ekin arituko da agertokian.

Lee Scratch Perry ezizenaren atzean, Rainford Hugh Perry dago, 1936ko martxoaren 20an jaioa, Jamaikako Kendal hirian. Reggae eta dub ekoizpenetan aditua, teknikari eta artista berritzailea, estudioa musika tresna bihurtu zuen. Hala, Black Ark izeneko bere estudiotik Jamaikako musikari garrantzitsuenak pasatu ziren: Bob Marley & The Wailers, The Heptones, The Congos, edo Max Romeo, besteak beste.

Nortasun handiko artista xelebrea da Perry: “Artista bat naiz, musikaria, magoa, idazlea, kantaria; ni dena naiz. Lee da nire izena, oihandi afrikarrekoa, Afrikako mendebaldekoa jatorriz. Beste nonbaiteko gizon bat naiz, baina Afrika da nire jatorria, zuzenean Jamaikaratua berraragitzearen bidez; Jamaikan birjaioa…”.

Mad Professor, berriz, Perryren dizipulua. Guyanan jaioa, dub musikarien bigarren belaunaldiko artista garrantzitsuenetarikoa da. Esate baterako,  80ko hamarkadan eta milurteko berrian Beastie Boys, Jamiroquai, eta Depeche Mode taldeentzako kantak birnahastu ditu.

Bi munstro horiez gain, ondoko musikariak izango dira Expogrow jaialdiko eszenatokian: Berri Txarrak, Frantziako SinSemilia reggae taldea, Juantxo Skalari eta Guaka taldea. Espainiako RNE3 irrati katean lan egiten duen Miguel Caamañok musika jarriko du kontzertuak amaitu eta gero. Caamaño aditua da erritmo tropikal eta beroetan.

Antolatzaileek oraindik ez dituzte ordutegiak zehaztu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button