ESZENA

Bilboko “Kalealdiak” hogei urte beteko ditu aurten

Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdiak, Kalealdiak, 20. edizioa beteko du aurten. Gaur goizean, Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak eta Pedro Ormazabal Kalealdiaren zuzendariak uztailaren 1etik 7ra bitartean garatuko den ekitaldiko konpainia eta  emanaldiak aletu dituzte prentsaurrekoan.

Uztailaren lehen aste horretan,  80 emanaldi antolatu eta 29 konpainia bilduko dira Bilboko Casilda Iturrizar Parkean, Bilboko Areatza inguruan, Plaza Barrian, Santiago Plazan eta Arriaga Antzokiaren kanpoaldean.

Gonbidatutako konpainia horietarik, hamar Euskal Herrikoak dira, lau Espainiatik datoz, eta gainerakoak Frantziatik, Italiatik eta Danimarkatik etorriko dira.

Bertokoen artean, Pedro Ormazabal Kalealdiaren zuzendariak honakoak azpimarratu ditu: Leioako Umore Azokaren azken edizioan Euskal Ikuskizun Onenaren Saria irabazi berri duen [e.go] izeneko lana eskainiko duen Dikothomia; eta 4.000 emanaldi baino gehiago eskaini dituen Deabru Beltzak taldearen Symfeyny ikuskizun berria, perkusioa, sua eta piroteknia uztartzen dituena. Hauez gain,  Barsanti Cia, Malas Compañías, Markeliñe, Natxo Montero, Trakamatraka eta The Funes Troup euskal taldeek kaleko ikuskizunak, clowna, zirkua, eta dantza eskainiko dituzte.

Espainiatik etorriko direnen artean, Vaivén Circo dago. Esencial lana ekarriko du aurten. Beste alde batetik, Solfasirc taldeak Casilda Iturrizar parkean instalatuko du bere karpa, familia osoari zuzendutako Dékoncert ikuskizuna eskaintzeko. Eta Clown ikuskizunen artean aipamen berezia merezi du Danimarkako Brunette Bros konpainiak. 2018ko Lleidako Fira de Titelles ospetsuan Interpretazio Onenaren Urrezko Herensugea lortu zuen Circus ikuskizuna eroango du Bilbora.

Nazioartera salto eginez, Bigbinôme Collectif taldearen Saut;  Cirque Hirsute konpainiaren Les Butors; migratzaileen dramari buruzko Cirque Rouages frantsesen Boate lanak ikusiko dira. Bai eta Perceptions lanarekin etorriko den Bivouac Cie konpainia frantsesa, eta Mumusic Circus zirku konpainiaren Flou Papagayo ikuskizuna ere.

Ohikoa denez,Bilboko Kalealdiaren barruan programatu diren ikuskizun guztiak doakoak izango dira, Casilda Iturrizar parkeko karpa barruan egingo diren emanaldiak izan ezik. Ikuskizun horiek 3 euroko prezio sinbolikoa izango dute, leku kopuruaren kontrola egin ahal izateko. Biltzen den diru guztia Aspace-Bizkaia elkarteari emango zaio.

Ordutegia, tokiak, eta konpainien gaineko bestelako datuak: Kalealdia

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button