IKUS-ENTZUN

Immigrante eta errefuxiatuen errealitate gordina, “Zinexit” zinemaldian

Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak antolatutako Bizikidetzaranzko VIII. Zinema Erakusketak bost estreinaldi eskainiko ditu azaroaren 6tik 9ra bitartean, Azkuna Zentroko Golem Zinemetan. Filmetan, etorkizun baten bila euren etxeak utzi eta ihes egitera beharturik, gero eta gizaki gehiagok bizi duten bidaia arriskutsuaren drama jorratzen da. Geroago, azaroaren 10etik 22ra bitartean, Getxo, Gasteiz, Barakaldo eta Basauri udalerrietara hedatuko da.

Munduan hainbat lagunek bizi duten errealitate gordinaz hobeto jabetzeko, euren bizitza zertan den erakusteko, horretaz hausnartzeko eta elkartasuna bultzatzeko ahalegina egin nahi du Zinexitek. Eta horretarako, gai bera jorratzen duten bost film ikusteko aukera egongo da Azkuna Zentroko Golem zinemetan. Saioaren ostean ikusle guztiei zuzendutako solasaldiak antolatu dira gonbidatuekin batera. Izan ere, Zinexit-en helburua “bizikidetza bultzatzea da, gizaki  guztien oinarrizko eskubideak eta duintasuna errespetatuz, eta elkarrenganako errespetuan ideiak, nahiak, printzipioak eta balioei buruz eztabaidatzeko baliagarriak izango diren hiritar eta gizakientzako guneak sortuz”.

Gaur berton izango da inaugurazioa The good postman (Tonislav Hristov) filmaren emanaldiarekin. Pelikula kamera isilean grabatu da eta begirada da protagonista. “Turkiako mugan kokatzen den Great Dervent, bulgariar herrixka, udal hauteskundeak prestatzen ari da. Sarritan siriar errefuxiatuek herrian ematen dute gaua eta horrek egonezina sortzen du biztanleen artean”.

Hurrengo egunetan pantailaratuko diren filmak honakoak dira: azaroaren 7an, Les Sauteurs (Moritz Siebert eta Estephan Wagner); azaroaren 8an, Marija (Michael Koch); eta azaroaren 9an, azken egunean A 50 feet from Syria (Skye Fitzgerald) eta Zuk (Unax Blanco). Azken hori erabateko estreinaldia izango da, eta bertan, CEAR-Euskadi, Zaporeak, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Salvamento Marítimo Humanitario erakundeetako boluntarioen lanaren lau adibide erakusten dira; milaka lagunek sufritzen duten hondamendi humanitarioari aurre egiteko aritzen diren boluntarioen lana.

Beste aldetik, Zinexit Eskola programaren bitartez ikasleentzat ere programatu dira hainbat hitzordu eta emanaldi, Giza Eskubideak jorratzeko helburuz.
Hemengo ekitaldia behin amaituta, Zinexitek beste euskal udalerri batzuetara zabalduko du bere programazioa, eta hala, Getxo, Gasteiz, Barakaldo eta Basaurira ere helduko da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button