ESZENA

Bilboko Arte Ederren Museotik txango berezi bat

Bilboko Arte Ederren Museoan barneratzen diren bisitariek Kukai Dantzaren Txango bat ikus-entzunezko instalazioaz gozatu ahalko dute  uda osoan zehar, urriaren 12ra arte. BBK-k eta Bilboko Arte Eder Museoak ekoizturiko pieza berezia da, itxialdiaren osteko egunetan berriz museoaz disfrutatu ahal izateko.  Txango bat museoaren YouTube-ko kanalean estreinatu zen eta orain bertoko BBK aretoan ere ikusi ahal da.

Jon Maya Sein dantzari eta koreografoak eta Kukai Dantza taldeak sorturiko dantzaren, musikaren eta kantuaren bidez museoak beste itxura bat hartu du, agian forma biziago bat. Bertoko bildumako artelanak gordetzen dituzten aretoetan barrena egin da txango hori,  “koadroen eta eskulturen esanahi berri eta ezkutuak erakusten dizkiguna, dantzaren eta musikaren eskutik”. Kukai Dantzak honela deskribatu du egindako lana: “Une ezohiko honetan, bestela ikusten dira museoak. Bestelako doinu bat dute. Dena hautematen da ohikoaz bestelako modu batean. Artistak eta bisitariak modu berri batean agertzen dira museoaren aurrean”.
Berez, erronka berri bat proposatzen zaio ikusleari,  “Kirmen Uribe idazleak museoaren bildumarako garatu duen bidaia kontzeptual zoragarriaren irakurketa berri bat. Jolas gaitezen bakarrak izatera, museoa bakardade horretatik begiratzera eta entzutera, obrek eta espazioek esan nahi diguten hori sentitzera”.

Kukai Dantza taldea Jon Maya Sein dantzari eta koreografoaren ekimenez sortu zen, 2001ean. Kukaik euskal dantza tradizionala abiapuntu hartuta sorkuntza garaikidea egiten du, eta beste hizkuntza artistiko eta dantza estilo batzuekiko hibridazioak sortzen ditu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button