MUSIKA

The Wizards hard-rock taldeak “Full Moon in Scorpio” diskoa aurkeztuko du Bilbon

The Wizards hard-rock bandak etxean joko du bihar; hots, Bilboko Kafe Antzokian, 21:30etik aurrera. Boskote bilbotarrak Full Moon in Scorpio izenburuko disko berria aurkeztuko du. The Wizardsekin batera, Madrilgo Tötenwolf eta Bartzelonako Saturna arituko dira.

The Wizards taldearen bigarren lana da Full Moon in Scorpio, eta bertan, Deep Purple, Dio, Pentagram, Black Sabbath edo Blue Öyster Cult hard-rock dinosauroen ondare klasikoa eguneratu du.

Taldekideak makina bat proiektutan aritutako musikariak dira, Chivo, The Sulfators, Napalm edo Belushi, besteak beste. Banda horietan, gainera, askotariko estiloak jo dituzte, tartean, hardcore, punk rock, stoner edo rock´n´roll. Hori dela eta, The Wizardsen proposamenak hainbat iturritik edaten du, 1970eko hamarkadako rock gogorra nagusitzen den arren. Halere, orainean erabat iltzatuta dagoen taldea da; boskoteak gustuko dituen talde garaikideen artean hauexek daude: Graveyard, Horisont, Gentlemans Pistols, Ghost edo Kadavar.

Diskoa Mungiako Gaua estudioetan grabatu zuten 2016ko udaberrian, eskarmentu handiko ekoizle Dean Rispler estatubatuarraren zuzendaritzapean, zeinak, besteak beste, Murphy’s Law edo The Voluptuous Horror of Karen Black taldeekin egin duen lan. Hamar egiunetako ahalegina izan zen, eta ekoizlearen ekarpena “handia eta ezinbestekoa”. Masterizazioa, berriz, Jesse Cannon teknikariak egin zuen AEBetan. Horrekin guztiarekin diskoan zuzeneko soinua islatzea lortu du banda bilbotarrak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button