ARTEA

“Bilboargazki”-ren hamargarren edizioa

Euskal Herriko Argazkigintza Elkarteen Federazioak sustatuta, gaur berton, Bilboargazki ekimenaren hamargarren edizioa aurkeztu da. Aurtengo edizioan, hainbat artistek lorturiko 200 argazki baino gehiago jarriko dira ikusgai zalearen gozamenerako.

Urriaren 3an erakusketaren bat abiatuko bada ere, hil honen 10ean izango da Bilboargazki ekimenaren aurkezpen ofiziala, “erabat berezia izango dena”, Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkarteko presidente Juan Armentiak adierazi duenez. 

Aurtengo edizioan, paisaiak, publizitatea, kazetaritza fotografikoa, erretratuak, eta finean, argazkilaritzaren abangoardian kokaturik dauden argazkilarik interesgarrienen obrak ikusteko parada egongo da.

Hala, hiriko zenbait lekutan eta azaroaren 10era arte, nazioarte mailan ezagunak diren profesionalak izango dira eskuragarriago, hala nola,  2007an Argazkigintza Sari Nazionala jaso zuen Gabriel Brau, David Hornback, Olmo Calvo, Koldo Badillo, Zheng Ge, Manu Barreiro edo Unai Mateo.

Izan ere, azken egile honen Donde no es izeneko lanekin hasiko da Bilboargazki. Manu Barreirok bere aldetik, Miradas y almas erakusketa egingo du. Zheng Ge txinatarrak airetik ateratako hainbat paisaia ikusgarri bildu ditu, eta David Hornback estatubatuarrak Berlin/Street erakusketa ondu du. Arkitekturaren inguruko argazkigintza Gabriel Caneda argazkilariak landu du Hilemorfismo erakusketarekin. Eta Gabriel Grau argazkilari prestigiodunak izaera dokumentala duen Caminos de Monsún izeneko erakusketa paratuko du. Koldo Badillorekin paisaiaren nondik norako bitxiak antzeman ahalko ditu ikusleak, eta Olmo Calvok, urriaren 10etik azaroaren 10era, Siriako gerraren une dramatikoak bildurik dituen Migraciones, la otra censura erakusketa ikusgai jarriko du.

Erakusketez gain, Bilboargazkiren programazioaren barruan hitzaldiak eta tailerrak (kaleko argazkigintza, erretratuak nola atera,…) egingo dira zaleen formaziorako.Tailer horiez gain, argazki topaketa bat ere antolatu da, urriaren 22an, aniztasun funtzionala duten pertsonekin, bai eta umeei zuzendutako hastapeneko argazkigintza ikastaroa ere.

Horrelako ekintzetan parte hartzeko, izena emateko eta informazioa eskuratzeko www.bilboargazki.com webgunea duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button