MUSIKA

Petti Band taldeak Mark Lanegan omenduko du

Urtea agurtzeko, Petti musikari beratarrak Mark Lanegan musikaria eta Screaming Trees taldea omentzeko kontzertu bat prestatu du, talde indartsu batekin: Joseba Irazoki, Ruben Caballero, eta Iñigo eta Igor Telletxea.
Kontzertu interesgarria gaur izango da, abenduaren 28an, 21:30ean, Jimmy Jazz aretoan.

Mark Lanegan musikari iparramerikarra (1964-2022) grunge-aren ikonoa eta Screaming Trees taldeko burua izan zen, eta Queens of the Stone Age taldeari lagundu zion. Artista entzutetsua izan da, ibilbide oparokoa, eta diogun moduan blues, rock eta grunge estiloak landu ditu, bereziki. Screaming Trees rock taldearekin izan duen jarduna da nabarmenena, bertako abeslaria izan zen hainbat urtez. Bakarlari moduan ere bederatzi disko utzi zituen.
Makina bat tokitan egin ditu kontzertu gogoangarriak: Erresuma Batuan, Irlandan, Herbehereetan,  Frantzian, Alemanian, Belgikan, Norvegian, Suedian, Txekiar Errepublikan, Suitzan, Italian,…

Mark Laneganen jarraitzaileek minez hartu zuten haren heriotza goiztiarra. Sortzaile ugarirentzat inspiratzaile eta erreferente ere izan da, tartean, Petti musikariarentzat.
Hala, hura omentzeko talde indartsu bat bildu du Pettik: Joseba Irazoki eta Ruben Caballero gitarrei su ematen, eta Iñigo eta Igor Telletxea dotoreak, baxuaren eta bateriaren agintean, hurrenez hurren.

Guztiek emango dute beren onena eszenatokiaren gainean, Pettiren ahots sendo eta sarkorrarekin batera.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button