LITERATURA

Bilbo umorezko literaturaren eta umore grafikoaren agertoki, “Ja!” Jaialdiaren eskutik

Ja! Umorezko Literaturaren eta Artearen Nazioarteko hamargarren jaialdia iragarri dute gaur prentsaurrekoan. Aurtengo edizioa, irailaren 26tik urriaren 6ra bitartean egingo da, eta  BBK Aretoa, Zabalguneko eraikina, Bidebarrieta liburutegia eta Metro Bilbaoko zenbait geltoki izango dira programazioa garatuko den agertoki nagusiak.

Bilbo umorezko literaturaren eta umore grafikoaren hiri eta agertoki bihurtuko duen jaialdia, Europan genero horretan bakarra, nazioartean erreferentea  bilakatu da, eta  aurten ere, bertoko nahiz nazioarteko hamar gonbidatuk baino gehiagok parte hartuko dute.

Hartara, Andrei Kurkov, Tatiana Tibuleac, David Trueba, Iñigo Dominguez, Ana Morgade, Antonio Muñoz Molina, edota Maruja Torres eta Manuel Vilas izango dira gonbidatuen artean, eta aurtengo gai nagusiak diren ekonomia, feminismoa, berdintasuna, mafia edota Sobietar Batasunaren osteko diziplina artistikoak umorearekin uztartuko dira.

Egitarau oparoari hasiera emango dion inaugurazio-ekitaldia, irailaren 24an egingo da BBK Aretoan eta ondoren, 19:30ean,  Fernando Mariasek bakarrizketa bat egingo du, jaialdiaren atariko ekimen bezala. Egitaraua aldiz, irailaren 26anan hasiko da, ostegunean. Bertan Tatiana Tibuleac idazle moldaviarraren solasaldiaz gozatzeko aukera izango da, haren bizitza eta obra hobeto ezagutzeko aukera paregabea.  Berak,  Amak begi berdeak zitueneko uda nobela krudela idatzi du, beste batzuen artean, eleberri  gogorra, zirraragarria eta poetikoa, baina umore-ukiturik falta ez zaizkiona.

Ostiralean, irailaren 27an aldiz, Carolina Ontivero jaialdiko zuzendari laguntzaileak Elisa Victoria eta Sabina Urraca elkarrizketatuko ditu. “Bi egileek autofikzioa baliatuz eta ikuspegi tragikomiko batetik, haurtzaroaren eta nerabezaroaren artean dagoen  amildegi zirraragarria esploratuko dute”. Eta Juan Bas jaialdiko zuzendariak berriz, Iñigo Dominguez izango du solaskide. Egile honek urteak daramatza Italiako mafiosoei mozorroa kendu, eta “basapizti ezjakin” batzuk besterik ez direla erakutsiz.
Larunbata eta igandean ere, ez da elkarrizketa eta solaskiderik faltako, umorea eta satira ardatz hartuta, aurtengo gaiei helduta arituko dira adituak.

Baina erakusketek, ikus-entzunezko proiekzioek eta umore grafikoaren Eskola Lehiaketak ere izango dute lekurik. Hala, irailaren 26tik urriaren 13ra bitarte, Zabalgune Eraikinean, kalean eta Metro Bilbaoko Abando, Moyua eta Indutxuko geltokietan, 195 argazkiz osatutako erakusketa jarriko da ikusgai, jaialdiaren 10 urteko ibilbideko irudiekin osatutakoa.

Ikus- entzunezkoen tartea izango da BBK Aretoan, urriaren 6an. Bertan, David Trueba zinema zuzendari, gidoigile, idazle eta aktoreak aukeratutako umorezko 10 sekuentziarik gustukoenak proiektatuko dira.

Jaialdiaren informazio osoa eta egunez eguneko egitaraua ikusteko, joan Ja!,  Umorezko Literaturaren eta Artearen Nazioarteko jaialdia web atarira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button