Nontzeberri

Bilbo Manhattan Short Jaialdia

Bihar, irailak 30, Manhattan Short film laburren Jaialdiko proiekzioak izango dira Bilbon, eta mundu osoko 250 hiri baino gehiagotan egindako aldibereko proiekzio bat egingo da.

One Week, One World, One Festival goiburuak laburbiltzen du Manhattan Short Jaialdiaren filosofia. Astebetean, munduko hainbat aretotan, edizio honetako 10 film labur finalisten emanaldiak antolatuko dira, eta publikoa izango da irabazlea aukeratuko duena.

Hala, bihar, Arte Ederren Museoan proiektatuko dira aurtengo ediziorako aukeratu diren 10 film laburrak, arratsaldeko zortzietatik aurrera, Bilboko Udaleko Kultura Sailaren eta Fas Zineklubaren lankidetzaz. Aurten, film labur finalistak zortzi herrialdetatik datoz, 52 herrialdetako 840 film laburren artean aukeratuta; bi animaziozkoak dira, eta gainontzekoak komedia, drama, beldurrezkoak eta zientzia fikziozkoak

Filmak ikusitakoan, ikusleak botoa eman ahal izango du, eta bozketaren emaitza e-mail bidez bidaliko da Manhattanera. Mundu osoko boto guztiak zenbatu ondoren, film labur irabazlearen izena datorren urriaren 3an jakinaraziko da New Yorken,

2015eko film laburrik bozkatuenak, Shok (Kosovo) eta Bear Story (Txile), Oscar sarietarako izendatuak izan ziren eta azken honek saria lortu zuen animaziozko film labur onenaren sailean. Aurten lehenengoz, Manhattam Shorteko film labur finalistek, Oscar sarietan hautagai izateko txartela eskuratuko dute automatikoki.

Informazio guztia www.manhattanshort.com orrialdearen bidez eskuratu ahal duzue.