MUSIKA

Hibai Etxebarriak askotariko kantuak plazaratu ditu “TripTics. Vol I-II” diskoan

Hibai Etxebarriak (Gernika, 1980) TripTics. Vol I-II (Gaztelupeko Hotsak) izenburuko lana aurkeztu zuen atxo Bilbon. Bizkaitarrak askotariko kantu sorta argitaratu du makina bat lagun-musikariren partaidetzaz, 30 musikari inguru; tartean, Xabier Aburruzaga, Leire Berazaluze edo Izaro Andrés.

Etxebarriak berak ekoitzi du lana, eta Gaztelupeko Hotsakek argitaratu. Diskoetxe horren arabera, “bi hamarkada daroatza Hibai Etxebarriak musikaren esparruko proiektu ezberdinetan lanean, bai Aitor anaiarekin (El_Txef_A), bai bakarkako lanetan edo taldean: pedagogo, konpositore, interprete, kazetari, ikertzaile, ekoizle, moldatzaile… Eta oraingoan, denak batera. Berak hartu ditu ardura guztiak proiektu honetan.”.

Diskoan jasotako doinuak tarte luzez grabatutako kantuak dira. “Hilabete asko egon gara grabatzen”, esan du Etxebarriak. Izan ere, Etxebarriaren aburuz, grabazio prozesua eta estudioa “prozesu zabal” baten zati dira, musika etengabeko jarraipena duen prozesu gisa hartze baitu, eteten ez dena.

Bizkaitarren iritziz, diskoa “hilda” dago, “egun inork ez du 60 minutuko disko bat entzuten, kantuak solte entzuten ditu”; halere, etxean makina bat disko fisiko dituela aitortu du. Hori dela eta, bi triptiko hauetan oso kantu “heterogeneoak” bildu ditu. Lehenengo zatian kutsu klasikoa duten hiru kantu jaso ditu: “country, funk, rock amerikarra”; bigarrenean, aldiz, euskal herri-kantutegian murgildu da. Bietan, laugarren kantu bat gehitu du, jasotako doinuetako bertsio heterodoxo bat. “Berrikusketak dira, bonus gisa. Moldaketa hautan dena aldatzen da: harmonia, hizkuntza… beste ikuspegi bat lortzeko asmoz”. Hortaz, lau kantuko bi triptiko dira, “eta beste lau daude bidean”.

Etxebarriaren aburuz, abestiok aurkezteko formatu onena zazpikotea da, baina horrela aritzea “zaila eta konplexua” da; hortaz, jazz formatu klasikoan ere aurkeztuko du kantu sorta hau: gitarra eta ahotsa, kontrabaxua eta bateria. Abenduaren 9an, Durangoko Azokako Ahotsenea gunean izango da, eta 28an, Gernikan. “Kontzertu berezia izango Gernikakoa, jazz formatuan arituko baikara”.

Diskoa hau Etxebarriak buruan duen ideiaren abiapuntua baino ez da. ·Proiektu konplexua da, eta lan hau arrankea da; ez da ohiko talde egonkor baten egitasmoa, inprobisazioan oinarritzen baita”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button