Nontzeberri

“Bilbaopoesia” Literatur Jaialdiaren 20. edizioa gaur berton abiatuko da

Bidebarrieta Kulturgunean bilduko dira gaurtik aurrera, idazle interesgarrienetako batzuk, Bilboko Udalak antolatutako Bilbaopoesia ekimenaren baitan. Tartean, Dario Jaramillo, Paca Aguirre, Pere Gimferrer, Nuno Judice, Jose Fernandez de la Sota, Maria Maizkurrena, Miren Agur Meabe, Beatriz Chivite edo Irati Iturritza izango dira. Jaialdia martxoaren 15ean amaituko da, Blas de Oteroren Eguna topaketarekin, Pere Gimferreren, Guillermo Carneroren, Vicente Molina Foixen eta Jenaro Talensen partaidetzarekin.

Ekimenaren lehen jarduera gaur berton izango da poesia garaikideko hiru egileren partaidetza izango duen errezitaldiarekin, Dario Jaramillo, Granadako Antonio Carvajal eta Madrilgo Antonio Lucas. Martxoaren 11n, egitarauak poesia errezitaldia barnebildu du ahots gazte askoren partaidetzarekin. Ekitaldiak Cordobako Elena Medel, Madrilgo Maria Martinez Bautista, Irati Iturritza eta Beatriz Chivite nafarrak elkartuko ditu. Guztiek emakume poeta belaunaldi berria ordezkatzen dute.

Martxoaren 12ko errezitaldiak Alacanteko Francisca Aguirre (Letren Sari Nazionala 2018) Guadalupe Grande, Maria Maizkurrena eta Nuno Judice  idazleak batuko ditu. Hurrengo egunean, martxoaren 13an, ibilbide luzeko bost idazle elkartuko dira Bidebarrietako Liburutegian: Felipe Benitez Reyes, Lorenzo Olivan poeta kantabriarra, Raquel Lanseros Cadizko poeta eta itzultzailea, eta bertoko bi poeta handi, Jose Fernandez de la Sota, eta Miren Agur Meabe.

Martxoaren 14an, Elvira Sastre eta Benjamin Prado idazleen txanda izango da eta, programazioa martxoaren 15ean itxiko da, Blas de Oteroren Egunaren ospakizunarekin. Bertan Pere Gimferrer Letren Sari Nazionala, Guillermo Carnero, Vicente Molina Foix eta Jenaro Talens elkartuko dira.

Hitzaldiez gain, bestelako jarduerak antolatu dira egunotarako. Hala, Xoel Lopez Coruñako kantautoreak kontzertua eskainiko du larunbatean, martxoaren 9an, arratsaldeko 20:00etan. Igandean, martxoaren 10ean, Erre Arteka & Maskaradak ekoiztutako pieza eszenikoa ikusi ahalko da. Antzezle taldea Irati Agirreazkuenagak, Chema Trujillok, Carlos Panerak, Miguel Foucesek eta Braulio Cortesek osatzen dute, Carlos Paneraren zuzendaritzapean.

Ordutegiak, eta bestelako datuak, hemen kontsultatu ahal dituzue.

Exit mobile version