Nontzeberri

BilbaoArtek “Women Make Film” dokumental saila abiatuko du berriz

Women Make Film dokumental sailaren emanaldiak martxoan hasi ziren BilbaoArten, baina koronabirusak dena eten zuen. Gogorrena pasatu denean, gaur hasita eta uztailaren 13ra arte, Art House Zinema aretoan Women make film dokumental saila jarriko dute ikusgai.

BilbaoArte Fundazioak Women Make Film: a New Road Movie Through Cinema dokumental zorrotza, iradokitzailea eta beharrezkoa estreinatuko du Euskal Herrian. Lan horretan, “14 orduz emakumeek protagonizatutako zinemaren historia” kontatuko zaigu, eta ondorio latz batera helduko da, “zinemaren historiari ekarpena egiten dioten emakumezko zuzendarien presentzia agerikoa bezain gutxietsia” izan dela.

Mark Cousinsek (Coventry, 1965) egileak ikusezintasun-belo astun eta hermetiko hori kentzen du, eta mende bat baino gehiagoan zehar sistematikoki isildutako errealitate ukaezina agerian utziko du. Bere dokumentalik ezagunenak, The Story of Film: an Odyssey (2011) bi premisa esanguratsurekin egin zuen: Hollywoodetik haratago dauden zinematografietan murgiltzea, eta zinemagile emakumezkoak buru dituen zinemaren bidez egitea. Bilaketa eta erreskate prozesuaren ostean, Women Make Film filmak “13 hamarkadatan zehar eta 5 kontinenteetatik filmatutako mila film zati baino gehiago biltzen ditu”.
Dokumental luze honetan ehunka filmen eta dozenaka zuzendariren testigantza jasotzen da eta “hemen erakusten dena ia ez da zinemaren historiari emakumeek egindako ekarpena adierazten duen iceberg erraldoi horren punta”.

Egoera berezia denez, edukiera mugatua izango da, eta erreserba bakarrik egingo da telefonoz. Pertsonako gehienez bi eserleku erreserbatu ahal izango dira, eta horiei zenbaki bat esleituko zaie. Maskara erabiliko da.

Egunez eguneko proiekzioaren gaineko xehetasunak: BilbaoArte

Exit mobile version