ARTEA

“Bilbao Art District” ekimenak eztabaidarako jardunaldiak abiarazi ditu

Bilbao Art District ekimenak artearen inguruan ardazturiko hamar egunetan, hainbat jarduera antolatu ditu, besteak beste: konferentziak, topaketak artistekin, erakusketak eta bisita gidatuak.

Programazio horren barruan, BilbaoArte Fundazioak antolatuko dituen jardunaldiak gaur hasiko dira. Bertan, “arteari lotutako pertsonak eta oro har ikusle guztiak gonbidatu nahi ditu Bilboko errealitate artistikoari zein kultura-sektorearen orainaldi eta etorkizunari buruz eztabaidatu eta hausnartzera”. Jardunaldiok, gaur eta bihar egingo dira, eta hiru ardatz izango dituzte: galerien papera, euskal artearen kartografiak eta hiribilduan dauden ekoizpen artistikoko zentroak.

Arte-galerietan jarri da arreta lehenengo egunean. Eta gaur, hilak 22, egingo den saioko gai nagusia euskal sektore artistikoaren bilakaera izango da. Arratsaldean, 17:00etatik aurrera, hiriko arte-ekoizpenerako espazio guztien azterketa historikoa egingo da. Bertan EHUko ikerlaria den Javier San Martín, Txema Agiriano arte-komisarioa, María Ptqk arte-ikerlaria eta Bulegoa z/b zein Okela Sormen Lantegia espazioetako ordezkariak izango dira.

Asteazkenean Christian Flores yotuber, musikari eta editorea Leioako campusean izango da hitzaldi bat emateko. Oihartzun handia izan du komunikabide eta sare sozialetan Velaske yo soi wapa bideoarekin, Youtuben zazpi milioi bistaratze baino gehiago izan baititu. Egun berean ere, Karla Tobar artistak lan-prozesu berritzaile baten emaitza aurkeztuko du, “hirian zehar ibiltzeko erabili duen motxila-eskaner baten bitartez bildutako ikus-entzunezko materialarekin”.

Beste alde batetik, 85 Conferencia de Trans Europe Halles zikloa asteazkenean hasi eta igandera arte egingo da, eta horretarako esku-hartze artistikoak, tailerrak eta mahai-inguruak antolatuko dira Zwap Bilbao zentroan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button