EZLEKUBAT

BIGA antzerki taldea: Antzerkia euskaraz egiteko gogoa

Zurriola Antzerki Eskolatik sorturiko BIGA taldeak Urtain izeneko lana taularatuko du. Lan ikusgarri hori lehen aldiz euskaraz ikusteko aukera izango da. Gaur, azaroaren 24an izango da estreinaldia, Donostiako Egiako Kultur Etxean, Gasteszenan. BIGA taldeko lagunekin izan gara, egiten dutenaz mintzatzeko.

Lehenik eta behin aurkeztu taldea.
Zurriola Antzerki Eskolako talde amateurretako bat da BIGA antzerki taldea eta Ikastolako zenbait ikasle ohik eta antzerkia euskaraz egiteko gogoa duten beste pertsona batzuek osatzen dute. Ia ikasturtero muntaia bat egiten dugu. Beti euskaraz. Iaz, Molierreren Tartufo egin genuen Juan Mari Elexpururen itzulpenarekin, aurretik Oihu Egiteko Zubia, Pilar Pomborena; eta horren aurretik Tradizoa Lege, Jean Claude Danau-dena eta Felix Sainz-en itzulpenarekin. Beti Joserra Fachadoren zuzendaritzapean lan egiten du talde honek.

Zer da Urtain?
Urtain Animalario taldearen muntaia bat da. Bere garaian  MAX sari piloa eskuratu zuena eta kristoren arrakasta izan zuena.

Nondik sortzen da boxeolari bati buruz aritzeko gogoa?
Obra berria aukeratzerakoan, Animalarioren lan hau ikusi genuen, eta muntaia alde guztietatik asko gustatu zitzaigun. Taldearentzat izugarrizko erronka izan zitekeela pentsatu genuen, eta buru belarri hasi ginen lan honetan.

Zein da bere irudiarekin batera salatu edota goratu nahi dituzuen balioak edota mezuak?
Pertsonaia honekin Urtainek bizitako garaia ekarri nahi dugu gogora: errejimen frankistaren baitan, ia gazteleraz ez zekien harri-jasotzaile euskaldun batek bizitakoa, boxeo mito bihurtzeraino, eta ondoren dena abandonatzeko “jostailu puskatua” balitz bezala.

Noiztik ari zarete obra hau egiten? Euskarazko lana da, edota gaztelaniazko bertsioa ere badu?
Duela urte bete inguru hasi ginen antzezlan honekin. Obra erdaraz zegoen idatzia. Juan Cavestany da bere autorea eta taldekidea eta itzultzailea ere baden Ainara Mendiolak itzuli du, lan ederra eginez.

Laster egingo duzue aurkezpena. Bestelako emanaldiak badituzue datozen datetarako?
Oraingoz ez dugu aurreikusitako beste emanaldirik, baina espero dugu emanaldiak ateratzea eta horretan saiatuko gara.

Zeintzuk dira hurrengo proiektuak?
Urtainekin emanaldiak egiten saiatuko gara, eta agian, hurrengo proiektua talde sormenetik abiatuko da. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button