MUSIKA

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Algortan arituko da ostiralean

20:00etatik aurrera, musikazaleek Isabel Urrutia musikagile getxotarraren, Ralph Vaughan Williamsen eta Jean Sibeliusen lanez osatutako programaz gozatu ahali zango dute, Christian Lindberg zuzendari gonbidatua izango dela.
Saioak Gerok pieza izango du abiapuntua. Lan horrekin garaile atera zen Isabel Urrutia konpositore getxotarra Espainiako Orkestra Sinfonikoen Elkartearen IV. Konposizio Lehiaketan, 2007. urtean. Pieza Oviedon estreinatu zen, 2008ko azaroaren 28an, Asturiaseko Orkestra Sinfonikoaren eskutik, eta iaz A Coruñan, Bilbon eta Santa Cruzen (Tenerifekoa) entzun ahal izan zuten.

Ondoren, EOSek Ralph Vaughan Williamsen Fa minorreko tuba eta orkestrarako kontzertua joko du. 1954an sortu zen lana eta egileak Londreseko Orkestra Sinfonikoari dedikatu zion, taldearen 50. urteurrena zela eta. Pieza urte horretan estreinatu zen, ekainaren 13an, Philip Catelinet tuba solista eta John Barbirolli zuzendari aritu zirela. Kontzertu hori zela eta, Vaughan Williamsek zera idatzi zuen eraketari zegokionez, Bachetik gertuago zegoela pieza, Vienako Eskolatik (Mozart eta Beethoven) baino. Getxoko saioan, Óscar Abella jardungo da tuba solista.

Azkenik, Jean Sibelius konpositore finlandiarraren 5. Sinfoniaz itxiko da emanaldia. Lana 1915ean aurkeztu zen lehenengo aldiz Helsinkin, baina horren behin-betiko bertsioa ez zen 1919ra arte prestatuta egon, aldaketa handiak egin eta gero.

Getxoko Kultur Etxeak bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button