EZLEKUBAT

Bide Ertzean: Trantsizioari buruzko hausnarketa musikala

Tolosako Bide Ertzean taldeak 77 (Gaztelupeko Hotsak) bere bederatzigarren erreferentzia aurkeztu berri du. Diskoa 1977an musikarien familian bizitako gertaera dramatiko baten inguruan ardazten da: urte horretako martxoaren 8an Gipuzkoako Itsaso herrian, polizia kontrol batean, Imanol eta Joni Ubedaren Sebas Goikoetxea osabaren hilketa. Gertaera horretan Nicolas Mendizabal ere hil zuten. Anaiekin mintzatu gara lan berri horren harira.

Zein da lan berri honen jatorria? Gerra Zibila ardatz zuen Non Dira lanarekin antzekotasunik ba al du?

Imanol: Parekotasun bat dago Non Dira lanarekin, aire hori badu, etxean izandako gertaera dramatiko batetik abiatzen delako, baina hori abiapuntua baino ez da. Izenburutik hasita, 77, trantsizioa garaiari buruzko hausnarketa bat da, eta hausnarketa hori jakin-minetik dator. Bagenekien osaba hil zutela 1977an, kontrol polizial batean, eta etxean urtero ekartzen dugu gogora, baina konturatu ginen garai hori ez genuela ezagutzen, hortik jakin-mina.

Poliziak hildako osaba baten inguruko diskoa egiteak pisu emozional handia eskatuko du. Zama hori abantaila edo oztopoa izan da diskoa garatzerakoan? Eta nola hartu familiak?

Joni: Atzekoz aurrera hasita, horrelako gertaera dramatikoak gertatzen direnean, etxe guztietan, urteak pasa ahala, bakoitzak bere modura eramaten du. Hortik abiatuta, ariketa bat egin dugu Imanolek esan bezala, sasoi baten inguruko gogoeta egiteko.

Familiak emozioz hartu du diskoa, beraiek izan dira lehenengoak diskoa eduki dutenak, noski, diskoa egiteko denbora asko eman dugu, eta egosten joan da, pixkanaka bideratzen.  Familiakoek lan hau klip batean, hedabideetan, edo esku artean ikusten dutenean, sentimenduak agertzen dira, sentimendu asko daude atzean, eta, azkenean, hau ez da kultur ekoizpen bat bakarrik, baizik eta etxean bizi izandako gertaera bat. Orokorrean, emozio puntu handiarekin hartu dute familiakoek. Bakoitzak bere erara. Aintzat hartu guk lau urterekin bizi izan genuela osabarena, gure arreba nagusiagoa zela, edo osabaren andregaia ezkontzear zegoela.

Guri, eta sortzaile guztioi, errespetu handia ematen digu, edozer gauza abiatzea, izan daiteke norbaiten bizitzatik abiatutako kantua, edo Euskal Herriko historian gertatu den zerbait; hortaz, emozio guzti hori ez da oztopo izan, baina bai dela errespetu handiarekin egindako lana, arinkeriarik gabe, eta denbora handia hartu dugu egiteko, gertaera hura eta garai hura aztertzen. Egin dugun ibilbidearen ostean, gogo eta ilusio berriak ere behar ditugu lanean jarraitzeko, eta beharbada langa bat jarri diogu gure buruari, eta langa hori gainditzen saiatu gara.

Emozio hori kantuen intentsitatean eta sinpletasunean nabaritzen da. Ados zaudete? Nola lortu duzue efektu hori?

Imanol: Gureak konposizioak soilak dira, eta beti izan da horrela, disko guztietan. Baina, egia da lehen boskote ginela, eta disko honetan hiru musikari baino ez gaudela.  Artistikoki elementu gutxiago daude, eta horrek oinarrira eramaten zaitu, halabeharrez. Gure hautaketa izan zen, nahita egindakoa, hori nahi genuelako. Entseatzen hasi , eta ikusi genuen kantuek oinarrian bazeukatela zerbait, eta hori ariketa musikal gisa hartu dugu: ea oinarri-oinarrian lan eginda, disko duin eta zentzuzko bat egiten dugun. Akaso, grabatu dugun moduagatik, edo, agian, rock ehunduretara hurbildu garelako, kantu batzuetan energia asko dago, eta noiz edo noiz energia hori nabaritzen da.

Hitzak ere sasoi hartan txertatu dituzue, baina ematen du oraingoan gehiago laburtu dituzuela, kantu formatutik gertuago daudela, kutsu literario gutxiago dagoela, finean, hitzak musikara egokitu direla.

Imanol: Egia da letrak nahiko sinple edo soilak direla. Destilazio lana dago, baina letra horien atzean saiakera handiagoa dago. Agian, batzuetan puntu naif  bat daukate, nahiz eta jorratutako gaia sendoa izan, batzuetan gogorra, baina modu sinpleenean esateak ere lan handia eskatzen du. Hain sotila izatea kostatzen da, eta askotan doinuak mugatzen dizu letrarako espazio. Horrek ere idazteko modu bat dakar.

Joni: Literatur zaleen ospea daukagu, letrei garrantzia ematen diegulako, eta horrela da, baina nik uste dut kantuak egiten ditugula, eta kantuak ere eramaten  zaitu doinu bat egitera, eta doinuak eskatzen du modu bateko edo besteko letra. Aipatu behar da disko honetan, entzuleak letren soiltasun bat entzungo duela, baina soiltasun hori osatu egin dugu: kantu askoren ondoan aipamenak daude, letraren atzean dagoena ondo kokatzeko, hitzen irudien atzean dagoena ere transmititu nahi izan dugulako.

Zein izan da zuen arreba Garbiñe Ubedaren eta Koldo Izagirre idazlearen ekarpena?

Joni: Lehen bota duzun galderaren harira, etxean nola bizi izan dugun kontu hau, Garbiñek Argia aldizkarian egiten du lan, eta bere blogean gertaera honen inguruko lekukotza pertsonal bat idatzi zuen martxoaren 8an, hain zuzen, hilketa izandako egunean, eta oso egokia iruditu zitzaigun diskoan txertatzea oso ondo kontatzen baitu gertatu zena eta drama hori nola jaso zuen euskal familia batek. Era berean, gure hitzak eta lehen aipatutako hitz horien ondoan jarritako gure oharrak daude. Eta, azkenik, Koldoren ekarpena dago. Testu bat eskatu genion garai hori bizi ez zuen jendeak hobe uler zezan testuingurua, apur bat kokatzeko. Gure hitzak pasatu genizkion, eta berak hain ondo ezagutzen duen sasoi  horri buruzko testua egitea eskatu genion, balio erantsi bat emateko, testuinguru orokorrago bat emateko diskoari. Elementu osagarri oso inportantea dela iruditzen zaigu.

Diseinuak ere bide berdina hartu du, alegia, 70eko estetikarekin jantzi duzue diskoaren azala.

Imanol: Bai, diseinua eta klipa egiterakoan suerte handia izan dugu, bete-betean asmatu baitugu Joseba Ponce eta Angel Aldarondorekin, diseinuaren eta bideoaren egileak, hurrenez hurren. Oso ondo interpretatu dute nahi genuena, eta jantzi eder bat jarri diote diskoari. Oso dotorea da diskoa, eta ez da musikarion meritua soilik, talde bat dago atzean, eta guztiek koherentzia handia eman diote lanari, bai idazleek, bai guk musikari gisa, bai diseinatzaileak, eta bai bideo-egileak, irudi bat lortzen ari baikara diskoaren inguruan.

Zerrendatu gabeko biktimak

Horren guztiaren ondorioz, memoria historikoa jorratzen duen disko kontzeptual itxura hartu du 77 lanak, Imanolek “tematikoa” esatea nahiago duen arren, umoretsu.

Kontzeptuala den ala ez alboratuta, Ubeda anaiek ondorio garbi bat atera dute disko honetatik: Euskal Herrian izandako gatazka politiko eta armatuan, badirela hutsune batean ahaztuta dauden biktima asko. “Dispertsatuta dauden biktima asko daude, torturapean edo poliziak hildakoak, eta ez dira GALenak, ezta ETArenak, neurrian aldarrikatu behar diren biktimak dira, eta bere tokian kokatu behar dira. Errepresio handia izan da hemen 70eko urtetatik, eta horren ondorioz jende asko hil da, eta jende hori ez da inongo zerrendetan agertzen. Hutsune bat dago hor, eta bat ahaztea, guztiak ahaztea da”, esan du Jonik.

Hala, diskoa lantzen ari ziren prozesuan deskubritu duten kasu bat kontatu digute: “Osabaren hilketa eta gero izugarrizko protestak izan ziren Donostian, eta protesta horietan ikasle bat hil zen gomazko pilotak jota, hori ez du inork zerrendatu”, nabarmendu du Imanolek.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ONARTU
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu